kontaktua
2012.03.02

Labayru Hiztegiaren edizino barria aurkeztu dau Labayru Ikastegiak

Labayru Ikastegiak Labayru Hiztegiaren edizino barria kaleratu barri dau, 2003an argitaratutakoaren bersino barritu, osotu eta gaurkotua.

Labayru Hiztegiaren edizino barria barrutik eta kanpotik dator barriztauta. Edukia eguneratua, ugaritua eta aberastua dator eta itxurea be barria dakar, gaurko egunera egokitutakoa. Edizino barria da izan, baina lehengo izaereari eta Labayru Hiztegiaren ezaugarririk bereizgarrienari eusten deutso: bizkaiera eta batua batera lantzen dira.

Hiztegiaren edukia ugaritua eta ondua dator. 75.700 sarrera, 47.200 adibide eta 47.300 sinonimo batzen ditu; baita gramatika-eranskin erabilgarri eta osatu bat be. Terminologia zientifikoaren kopurua be handitu egin da eta guztira 53 jakintza-arlotako 12.000 termino inguru batu dira.

Lexiko-sarreren informazio osotua emoten dau: adierak, kategoria gramatikala, marka estilistikoa, adibide ugari eta adierazgarriak, erabilera-kontestuen gaineko azalpenak, argigarri gramatikalak, sinonimoak... Informazino guzti hori berrantolatu egin da aurreko edizinoaren ganean, eta argiago eta errazago emoteko ahalegina egin da.

Esatekoak 0
Ikusita: 1098
2012.02.23

Bermeon VIII. Bertsopaper Lehiaketea

Bermeoko Udaleko Euskera sailak VIII. Bertsopaper Lehiaketea ipini dau martxan. Parte-hartzaileek 11 eta 18 urte bitartean euki behar ditue, lehiaketearen helburua gaztetxuen artean bertsozaletasuna eta sormena sustatzea da-ta. Bertsopaper irabazleak argitaratu egingo dira. Bertsopaperak jasoteko epea martiaren 16ra arte egongo da zabalik.

Maila bi egingo dira, bata, 11-14 urte bitartekoentzat, eta bestea, 15-18 urtekoentzat. Parte hartzeko beharrezkoa da Bermeon bizi, edo bertan ikasle izatea. Neurriak eta gaia libreak dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 1165
2012.02.17

Aratoste-inauteriak

Asteburu honetan nonahi inauteriak ospatzen dira, herri guztietan dago zer edo ha, umeentzat dala, nagusientzat dala, egunez dala, gauez dala.

Gaur egun aratosteak uritartu egin dira, baina badira ohitura tradizionalagoak be. Baten batek interesa euki ezkero, zita bi dagoz domekan gure ingurutik hur.

Mundakan atorrak kantuan ibiliko dira goiz osoan, eta eguerdian portu ganean kantuak eginda amaituko dabe saioa, bazkal aurretik.

Arrastian laminak hartuko deutsie txandea, goizeko zurien ordez baltzez jantzita.

Eta Markinan goizean Hartzak urtengo dau herrian kalerik kale, dantzariak dantzan egiten daben bitartean. Ostean, antzar-jokoa egingo dabe.

Esatekoak 0
Ikusita: 1143
2012.02.08

MIKEL ZARATE III SARIA

Mikel Zarate Lezamako idazle handi eta oparoaren omenez, literatura-lehiaketa eratzen hasi ziran orain dala hiru urte Lezamako Udala eta Elkar argitaletxea. Lehiaketa ume-gazteentzat idatzitako idazlanak saritzeko da (6-12 urtekoentzat).

Aurreko urte bietan Asier Mendozaren Beste gu eta Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da nobelek irabazi dabe saria hurrenez hurren.

2012rako hirugarren ekitaldirako deia eginda dago. Lanak 10-50 orri bitartekoa izango dira, Lezamako Udalera bialdu behar dira apirilaren 30a baino lehen, eta saritutakoa urte atzenerako argitaratuko dau Elkar argitaletxeak.

Esatekoak 0
Ikusita: 998
2012.02.03

Santa eskean

Zezeilaren 5ean da Santa Ageda, eta hori ospatzeko, bezperan, 4an, ibiliko dira kantuan taldeak herri guztietan. Santa eskean esaten da, edo Santa Ageda kantetan.

Bizkaian, gazte taldeak, eskolaumeak, alkarteak... ibilten dira. Horrezaz ganera, 'klasiko' batzuk be badagoz. Kasurako, Arratiko korua. Arratian talde bat batzen urtero horretarako korua osatzeko. Koru horrek egun osoa emoten dau kantuan, Arratiko herri guztietan ezeze Bilbon be hainbat lekutan.

Aurten be ibiliko dira, ohiturari eutsi eta hutsik egin barik.

Esatekoak 0
Ikusita: 1076