kontaktua
2011.05.26

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) hirugarren liburukia atera dau Euskaltzaindiak

EHHA edo Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren bitartez, Euskaltzaindiak gure tradizinoko hizkeren izendapen eta aldaerak batu gura ditu, eremu semantiko zabal eta ugarietan. Eta hori euskera erabilten dan herrialde, eskualde, herri eta auzoetan, beti be euskera ahalik eta osoen ordezkatuta egon daiten.

Metodologia moduan galderak egin dira, 2857 kontzepturen inguruan, gehienak lexikoari buruz, baina gramatika alderdia baztertu barik (morfologia, sintaxia, fonetika). 145 leku aukeratu dira inkesta egiteko: 36 Bizkaian eta beste horrenbeste Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta 1 Araban.

Iaz Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren I eta II liburukiak aurkeztu eta gero, oraingoan IIIgarrena dator. Dana dala, liburuetan argitaratutako eduki osoa Euskaltzaindiaren webgunean dago, gura dauenak kontsultatzeko.

Esatekoak 0
Ikusita: 1333
2011.05.20

Morgako kultur ondarea batu dau Labayru Ikastegiak Morga: Bizimodua eta ohiturak DVD-liburuan

Maiatzaren 15ean, San Isidro egunez, Morga: Bizimodua eta ohiturak izeneko DVDa eta liburua aurkeztu ziran Andra Mariko eleizan, Labayru Ikastegiak Udalaren enkarguz egindako ikerketa etnografikoaren lehenengo emaitza.

Hamabost barriemoileri bideo-grabazinoak egin jakez, herriko bizimoduaren barri emoteko. Grabazinook galdetegi jakin baten arabera egin dira, beti be metodologia zehatz bateri lotuta.

Horren bitartez, kanpo-barruak batu gura izan dira. Hau da, maminaren aldetik, galtzen doan bizimoduaren barri batu da, gehien baten hurrengo belaunaldiei horren barri emoteko. Eta kanpokoa esatean, esan gura da bertako berbetan, bertako euskera bizi-aberatsean emonda dagozala azalpenak.

Bizimodua asko aldatu da denpora gitxian, etxeko lanbideak, ganadua etxean haztearen garrantzia, ortua familia aurrera aterateko oinarri izatea… Familiaren osaera eta hartu-emon motak… Dana aldatu da, eta pentsau lei orain ezagutzen doguna izan dala beti. Baina ez, orain hainbeste denpora ez dala, beste modu batera ziran gauzak eta ume-gazteei horren barri emoteko, garai jakin bateko bizimoduaren barri emoteko, egiten dira halango ikerketak.

Helburua bikotxa da. Alde batetik, herriko ondare etnografikoa eta linguistikoa batzea, bizimodu tradizionala eta herri-jakituria, bideo eta audio grabazinoen bidez gordetea; eta bestetik, era barritu eta egokian atzera herritarren artean ezagutarazotea eta gizarteratzea.

Morga: Bizimodua eta ohiturak materiala euskarri bitan aukezten da, DVDa da lanaren ardatza eta liburutxua, osagarria. DVDan ikusi eta entzun ahal dira batutako pasarterik esanguratsuenetako batzuk, ordu bi guztira. Gai-arlo desbardinak jorratzen dira bertan: herria, auzuneak, abeltzaintza eta artzaintza, nekazaritza, etxea, elikadura, herri egutegia, jaiotzatik heriotzara arteko bizitza-ohikuneak, astialdiak, herri-medikuntza, jazkerak, herri-literatura eta mitologiako gaiak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1221
2011.05.13

Martin Olazar bidegile

Martin Olazar Uribe (Gamiz 1927-Mungia 2008) Bizkaiko eragile handietariko bat izan da joan dan mendean zehar, euskeraren inguruan.

Haren biografia argitaratu barri da Eusko Jaurlaritzak ateraten dauen Bidegileak kolezinoan, Juan Manuel Etxebarriak prestatuta.

Biografia horretan gogoratzen danez, umetan gerrea bizi izan eban Martinek, eta baita osteko eskasia-urteak be. Gazterik erakutsi eban abadetzarako gogoa eta, lehenengo Bergaran eta gero Gasteizko Seminarioan egin zituan Filosofia eta Teologia ikasketak. Bizkaiko hainbat herritan egon zan abade, Ubiden lehenengo; Fruiz, Mungia, Zeanuri eta Bermeon gero; Mungian emon ebazan azkenengo urteak.

Baina euskalzale sutsua izan da Martin Olazar. Ez zan konforme egon Euskaltzaindiak euskeraren batasunerako hartutako bideagaz, eta Kardaberaz’tarrak taldekoakaz batera Euskerazaintza sortu eben, euren esanean Erri Euskerarentzako akademia. Lino Akesolo izan zan erakunde horren lehenengo presidentea, eta ha hil zanik eta gehiago Martin Olazar izan da.

Bai Euskerazaintzan bai Euskerazaleak alkartean, Martin izan da arima eta bihotza. Asko be asko idatzi dau, liburuak, Zer aldizkariko artikulu gehienak bereak izaten ziran, Mungia eta inguruetako herrien ganean, nobelak eta abar.

Zu, Martin (1999) izenburuagaz biografia eta memoriak idatzita itxi zituan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1605
2011.05.04

“Berbak hariz josten” jardunaldiak

“Berbak hariz josten” izenburuagaz jardunaldiak eratu ditu Mendebalde Kultura Alkarteak urteroko moduan. XV. jardunaldiak dira honezkero, eta aurrekoetan moduan, Euskaltzaindiko egoitzan (Plaza Barria, Bilbo) izango dira. Maiatzaren 6 eta 7an programa zabala landuko dabe hainbat hizlari tartean direla.

Programan iragarten danez, hiztegigintza, euskera batuaren nondik norakoak, euskeraren gabeziak, euskera-gaztelania darabilezan lanbideen gorabeherak eta beste gai batzuk erabiliko dabez.

Gaion ganean berba egiteko hizlari ezagunek parte hartuko dabe. Xabier Amurizak, Karlos Cidek, Patziku Perurenak, Pello Esnalek eta Igone Zabalak hitzaldi bana egingo dabe. Horrezaz ganera mahai-ingurua egingo dabe.

Ohikoa da jardunaldiotan euskalgintzan zetan edo hatan nabarmendu dan pertsonaren bat omentzea be. Aurten Joseba Arrieta omenduko dabe, zapatu goizeko ekitaldiaren amaieran, eta Patxi Uribarrenek egingo dau haren gorazarrea.

Mendebalde Kultura Alkartea 1996an sortu dan, Alfonso Irigoien zuzendari zala, mendebaldeko hizkera aztertu, egokitu eta bultzatzeko. Harrezkero hainbat argitalpen atera ditu, urtero jardunaldiak egiteaz ganera.

Esatekoak 0
Ikusita: 2372
2011.04.29

Jose Antonio Arana Martija (Gernika-Lumo 1931-2011)

Gernika-Lumon jaio zan, zortzi neba-arrebetarik zaharrena berau zala. Eskolara umetan hasi zan, bere jaioterriko Euskal Ikastola esaten eutsienera. Uria bonbapean triskildua izan zanean, familiak Frantziara joan beharra euki eban, eta han egon ziran, harik eta 1939an, behin gudua amaitutakoan, atzera bertora itzuli ahal izan ziran arte.

Frantziatik osterakoan, Muxikan parau ziran biziten, aita muxikarra eben eta, haren baserri-etxean.  Han igaro zituan, bere neba-arrebakaz batera, hamaika urteko aldia: umezaroaren zati bat, mutil-bardingo aldia eta gaztetasunaren lehen zatia. Zuzenbidea ikasi eban Deustuan, ondoren ekonomia ikasketakin osotu zituanak. Emaztea, Maiteder Bareño, gernikarra da eta bost seme-alabaren guraso izan dira.

Euskaltzaindian liburuzain karguaz lanean hasi orduko (1978), Gernikako Astra Unceta y Cía arma fabrikan izan zan enplegatu, eta jestoria bat be zuzentzen eban.

Gaztetxotatik agertu eban kultura gaietarako zaletasuna eta mundu horretan murgildu zan. Hiru ardatz nagusi bereizi geinkez arlo honetako bere jardunean: idazle, ikertzaile eta zabaltzaile, euskeraz zein erdaraz; musikologo eta Euskaltzaindian euskaltzain oso.

Idazten, Brisas Guerniquesas bere uriko aldizkarian hasi zan, eta haren jarraikotzat dagoan Aldaba-n be kolaboratu izan dau. Gerora euskal aldizkari askotan kolaboratu izan dau (Aranzazu, Egan, Jakin, Euskera...), monografia labur mordoa idatzi izan dau, eta liburu mardoak be bai, Musica Vasca saio-obra esaterako, behin baino sarriago berrargitaratua.

Batez be hirurogeta hamargarreneko urteetarik honantz garatu dau bere idazte-jarduna, gai diferenteak jorratuaz: euskal musika (opera, koru-soinua, marijesiak edo euskal dantzak aztertuaz), euskera, bibliografia eta musika arloko pertsonaien biografia edo kronikak landuaz (Sebero Altube, Resurrección Mª Azkue, Aita Donostia, Aita Madina, Karmelo eta Bonifazio Etxegarai, Julio Urkixo...), erakunde eta alkarteak, musika arlokoak barru dirala (Euskaltzaindia, Arantzazuren musika proiekzinoa, Eresoinka, Elai Alai taldea). Musikologo lez, gaztetatik ibili zan musika edo koru alkarteetan murgildurik, eta batez be berak sortu eta zuzendu eban hamar bat urtez Andra Mari korala.

Euskal bibliografia izan dau gai kutunetariko bat, batez be Euskaltzaindiko Azkue liburutegiaren ardurea izan ebanik gora. Biblioteka horren ondarea ugaritzeko egin dauen lana eta ahalegina ez dira txantxetakoak, eta bertako artxibo-biblioteketako izkribu-liburuak arakatuz ondu dituan artikuluak ez gitxiago: Juan Carlos Guerraren biblioteka eta artxiboa, Bonaparteren bibliografia, Azkueren eskuizkribuak izan ditu, besteak beste, aztergai.

1988an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu eban, eta beste kargu batzuen artean Liburuzain eta Diruzain izan da Akademian 1996ra arte, baina gerora be Azkue Bibliotekako batzordean eta gain karguan izan da, osasunak lagundu deutson arte.

Hainbat kultura ekimenetan izan da eragile edo babesle. Gernikarako Seber Altube ikastolaren sorkuntzan, esaterako. Zertan esan be ez, begirune eta miresmen handia eutsala euskalzale eta musikazale handi horri, Azkueri eta Aita Donostiari izan eutsen legetxe. Gernikan hainbat herri egitasmotzat partaide izan da, batez be Marijesiak ikertzen, zabaltzen eta kantatzen.

Politikeagaz be aldi baten loturatxoa izan eban. 1977an Gernikako ESB alderdiaren zerrenda-buru aurkeztu zan eta zinegotzi hautatua izan zan, eta ondoren Bizkaiko Batzar Nagusietako junteru. Egin egunkariaren bultzatzaile be izan zan.

Amaitzeko, jaso izan dituan sarietariko batzuk aitatu. Euskal liburu-dendari eta argitaratzaileek Urrezko Luma (2004), Gernika-Lumoko Udalak eta uriko alkarte batzuk egin eutsen omenaldia (2010) eta oraintsuan Eusko Ikaskuntzak eskeini deutsan Manuel Lekuona Saria (2010).

Esatekoak 0
Ikusita: 1217