kontaktua
2014.10.09

Zuztarretatik oinez bideo toponimikoa

“Zuztarretatik ahora” Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan herri ondarea batu eta bergizarteratzeko programa da. Honezkero urte batzuk bete ditu eta urtero-urtero dakar emaitza barriren bat.

Oraingoan bideo toponimikoa egin dabe Galdakaoko auzune batzuetatik zehar ibilaldia egiteko. Bideoan, ibilbidea erakusteaz batera, barriemoileek inguruko lekuei buruz emondako barriak agertzen dira: etxeak, bertako bizimodua, gerrako kontuak, burdina ateraten zanekoak…

Horrez ganera, eskolaumeentzako agenda egin dabe.

Esatekoak 0
Ikusita: 585
2014.10.02

Mendebalde kultura alkartearen jardunaldiak

Urriaren 17 eta 18an egingo ditu aurten Mendebalde kultura alkarteak jardunaldiak. Aurtengo gaia “Hibridismo dialektala” izango da. Hiru hitzaldi iragarri dabez egitarauan: Kepa Altonagarena “Hibridismo dialektala: gogoetarako ideia bi” gaiaz;

Leire Gandarias, Ariane Ensunza, Lorea Unamuno eta Iñaki Gaminderena “Aldaketa linguistikoez eta euron bilakaeraz”, eta Iñaki Espartzarena “Azkue eta Unamuno, bi bide” gaiaz.

Horrez ganera, urtero ohi daben moduan, omenaldia egingo deutse euskera gaietan nabarmendutako persona bati. Aurten Andolin Eguzkitza izango da omendua.

Esatekoak 0
Ikusita: 606
2014.09.26

Lauaxeta saria 2014

Mungiako Udalak Lauaxeta Olerki Lehiaketaren VII. edizinorako deia egin dau. Edizino honetan lehiaketa idegia izango da, bai forma aldetik eta bai eduki aldetik bere. Dana dala, Lauaxetaren “Maitale kutuna” olerkia erabili beharko dabe parte-hartzaileek erreferentziatzat. Poema horri esker lortu eban Lauaxetak 1930ean Olerti Eguneko saria, eta poema horrek berorrek bultzatuta argitaratu eban bere lehenengo olerki liburua. Aurtengoan, beraz, maitasuna izango dogu nagusi.

Ganerakoan sari bi egongo dira, lehenengoa 800 eurokoa eta bigarrena 500 eurokoa. Epaimahaia Miren Agur Meabek eta Karlos Santistebanek osatuko dabe, eta sari-banaketa abenduaren 3an egingo da, Euskeraren Nazioarteko Egunean Mungian egiten dan ekitaldi ofizialean.

Lanak Astiunerako Udal Erakundearen Egoitza Nagusian aurkeztu beharko dira (Agirre Jauregia, Aita Elorriaga Kalea 1, 48.100 Mungia) zemendiaren 11 baino lehenago.

Esatekoak 0
Ikusita: 927
2014.09.18

Durangoko Azoka ate joka

Udan gagoz ondino, baina urte amaierara begira jarri beharra daukagu, aurtengo Durangoko Azoka ate joka daukagu eta. 49. edizinoa egingo dau aurten, mende erdira hurreratuten doala.

Durangoko Azoka euskal kulturaren topaleku ederra izaten da. Literatura eta musikako argitalpen barriak aurkezteko eta ezagutzera emoteko une ezin hobea da, baina baita aspaldiko argitalpenak topatzeko be.

Aurten, abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da, eta honezkero zabalik dago izena emoteko epea. Argitaletxe, diskoetxe eta han erakusmahaia ipini gura dabenak iraila osoa dauke horretarako.

Esatekoak 0
Ikusita: 833
2014.09.12

Bilboko udalak euskera ikasteko deia egin dau

2014-15 ikasturtea hasibarri da eskoletan, eta euskera ikasi gura dabenek be irailean zehar izena emon beharko dabe euskaltegietan.

Bilboko udalak, Bilboko euskaltegiakaz batera, deia egin dau jentea animau daiten euskera ikasten. Eta deiori ume txikien gurasoei zuzenduta dago batez be.

Garrantzi handiko gizarte zatia da ume txikien gurasoena, umeek eurek eskolan ikasten dabenari jarraipena emon ahal izateko etxeko giroan.

Deia egiteaz ganera, Bilboko udalak laguntzak be bideratuko ditu horretara.

Esatekoak 0
Ikusita: 624