kontaktua
2014.05.08

Gregorio Arrienek liburua argitaratu dau gerrako umeen erbestealdiaz

Sabino Arana Fundazinoak argitaratuta, ¡Salvad a los niños! Historia del exilio vasco en Gran Bretaña, 1937-1940 izeneko liburu oparo eta ederra landu dau Gregorio Arrienek.

Lehenago be idatzi izan ditu gai honen ganeko lanak, baina oraingoan dokumentazino asko eta zehaztasun handiko datu piloa gehitu ditu. Argazki historiko asko daukaz liburuak, informazino gehigarri modura.

Ander Manterolak hitzaurrea egin deutso eta aurkezpenean be parte hartu dau.

Gerra zibilaren ondoriorik gordinenetako bat umeak atzerrira ateratzea izan zan. Horreetariko asko Britainia Handira joan ziran, beste asko Frantzian eta Herbeheretan sakabanatu ziran, Errusiara be hainbat eroan ebezan, eta Hego Amerika izan eben beste batzuk azken muga. Danak ez ziran bueltau, ganera.

Gure historia ezagutzeko, eta historia personal asko ezagutzeko material zenbatgura jarri deusku eskura Gregorio Arrienek lan honen bitartez, ohikoa dauen inurri-beharra eginda.

Esatekoak 0
Ikusita: 652
2014.04.30

Aurtengo maskaraden azkenengo ekitaldiak

Aratusteak urrin daukaguz honezkero; ha ta guzti be, Zuberoan ez dabez amaitu Maskaradetako emonaldiak. Maiatzaren 4an Gamere-Zihigan eta 10ean Irurin egingo dabez aurtengo azkenengo ekitaldiak.

Maskarada kantua, dantzea eta  antzerkia nahasten dituan herri-inauteria da. Zuberoan gorde dabe eta urtero-urtero herri bateko gazteek eratzen dabe. Hasi neguaren bihotzean eta udabarrira arte asteburu gehienetan ibiltari dabiz herririk herri.

Herri hartzaileak barrikadak prestatzen ditu bisitan datozen dantzarientzat. Hareek dantza batzuk egin, borroka moduko bat be bai, eta danantzako kopaua gero. Halan doaz herriko auzo batetik bestera.

Goiza holan emon ostean, arrastian antzespena egiten da, aldian aldiko gaiak atara eta danak barregarri erabiliz.

Pertsonaia ezagunak parte hartzen dabe Maskaradan: zaldikoa, Pitxu, ehiztariak, etxeko jaun-andreak, banderaria… Dantza ederrak egiten dabez, dantzari trebeak izaten dira eta.

Aurtengo saioak ikusteko sasoiz gabiz oraindino, beste asteburu bi geratzen dira eta.

Esatekoak 0
Ikusita: 690
2014.04.18

2014ko Euskadi Literatura Sariak

Euskadi Literatur Sarietarako deialdia zabalik dago. Bagilaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira lanak, zazpi arlotan banatuta: Euskerazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskerazko ume eta gazte literatura, euskerazko literatura itzulpena, literatura lanaren ilustrazinoa, euskerazko saiakera eta gaztelaniazko saiaker

Arlo bakotxerako 18.000 euroko saria izentau dabe, eta horrez ganera beste 4.000 testua beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratzeko.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 544
2014.04.18

Sarako Biltzarra Pazko Astelehenean

Apirilaren 21ean egingo da 31. Idazleen Biltzarra Saran. Biltzar hori Iparraldeko euskal idazleen topalekua izaten da, liburu barriak aurkezteko eguna, eta idazleakaz zuzenean egoteko aukera apartekoa.

Egun berean hiru idazle omenduko dabez, Erramun Bachoc, Manex Pagola eta Patrice Rouleau.

Azoka polikiroldegian izango da, eta horregaz batera beste erakusketa batzuk egongo dira: margoak, zizelketa eta eskulanak.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 667
2014.04.11

Liburu digitalak liburutegietan hartu

Euskal Herriko editoreen alkarte bien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioari esker, garagarriletik aurrera udal-liburutegietan liburu digitalak hartu ahal izango dira. Orain arte papelezko liburuen mailegua zabal ibili da, baina gero jente gehiagok erabilten dau liburu digitala. Hori dala-ta, 25.000 lizentzia inguru ipiniko ditue irakurleen esku, heren bat euskeraz eta ganerakoak erderaz.

Irakurleak 21 egunez euki ahal izango dau liburua irakurteko, hortik gora lizentzia barriztau egin beharko leuke. Liburuak Liburuklik atarian dagoz eskuragarri. Hortik norberaren ordenagailu edo osterantzeko tresnara bajatu daiteke, edo streaming bidez leidu.

Esatekoak 0
Ikusita: 782