kontaktua
2014.01.17

Sarean gero eta bitarteko gehiago euskera ikasi eta erabilteko

Sarea euskera ikasteko eta lantzeko bitarteko gero eta ugariagoa eta praktikoagoa dogu. Zenbat hiztegi, corpus, bilatzaile, eredu, testu eta abar ez ete dagozan.

Eta oraindino ugaritzen doan arloa da. Oraintsu jarri dira agirian honeek, kasurako:

www.deklinabideapp.net, deklinabidea lantzeko, bai ordenagailu bidez bai telefono bidez.

www.hiztegitxoak.eu, hiztegia laburrak, euskeratik beste 35 hizkuntzatara eguneroko egoeretako berbak itzultzeko.

Teknologia euskeraren alde erabilteko modu ezin hobea da eta euskera beste hizkuntzen mailan jartzeko.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 592
2014.01.10

Blogetan!

Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehiarako deia egin dau, ARGIAgaz batera eratuta. Lehiaketaren helburua da, euskerazko edukiak sarean ugaritzea ezeze, blogari euskaldunen jarduera sustatzea eta onenak aukeratzea. Irabazleak aukeratzeko epaimahaiak eta internet bidez publikoak emondako eretxia hartuko dira kontuan.

Parte hartzeko euskaraz idatzitako blog bategaz izena emotea nahikoa da, horretarako martxan jarri daben Blogetan.com webgunean. Urtarrilaren 26 arte dago epea zabalik.

Lau kategoria ezarri dira:

• Kultura arloko blogak (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza,

gastronomia, enologia, musika …)

• Gizarte eta Politika arloa (kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza,

zuzenbidea …)

• Aisialdiagaz zerikusia daukenak (zaletasunak, kirola, bidaiak …)

• Zientzia eta Teknologia (natura, osasuna, arkitektura , informatika…)

Guztira bost sari emongo dira, kategoria bakotxean bat, eta blogari barrienari beste bat, 2013an sortutako blog barri bateri emongo jakon saria.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 591
2013.12.12

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bosgarren liburukia

Euskaltzaindiak orain 30 bat urte hasitako lanak emaitzak emoten jarraitzen dau. Herri Hizkeren Atlasa egitasmo erraldoia da, baina apurka-apurka ikusgai dagoz emaitzak. Oraingoan bosgarren liburukia argitaratu dau Euskaltzaindiak, liburua eta CDa. Horrez ganera, aurreko laurak sarean dagoz ikusgai.

145 herritan ia hiru mila galderako inkestak eginda dagoz, lexikoaz, morfologiaz, fonetikaz eta sintaxiaz.

Datu guztiok aztertu eta atal horreek doaz argitaratzen, orain arte bost liburuko emaitza daukan sailean.

Behar handia da, itzela, baina guztiz interesgarri eta jakingarria gure hizkuntza finkatzen eta arautzen joateko.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 897
2013.12.04

Bizkaiko Kultur Txartela Gabonetarako

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bi egingo ditu kulturako produktuen konsumoari laguntzeko: lehenengoa, Gabonetan, eta, hurrengoa, udabarrian. Bizkaiko Foru Aldundiak bostehun mila euro bideratuko ditu programa honetarako eta abenduaren 16an jarriko dira Gabonetako kanpainako txartelak salgai.

Bizkaiko Kultur Txartelak 40 euroko balioa eukiko dau txartela daukanarentzat, eta kultur produktuak erosteko, edo museoetarako, zuzeneko emanaldietarako eta bestelako kultur ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko erabili ahal izango da. Txartela BBKko kutxazainetan eskuratu ahal izango dira, eta produktuak eta sarrerak, ostera, kanpainari atxikitako establezimendueta.

Bizkaiko Kultur Txartelak 3 kategoria izango ditu:

A motakoa (32 €), edozein kultur produktutarako.

B motakoa (28 €), kultur jardunetarako (arte eszenikoak eta museoetara bisitak, zinea…).

D motakoa (24 €), euskeraz egiten diren produktu eta jardunetarako.

Bizkaiko Kultur Txartela Bizkaiko Lurralde Historikoan bakarrik erabili ahal izango da 2013ko abenduaren 16tik 2014ko urtarrilaren 31ra. Epe hori igarota, txartelak ez dau baliorik eukiko ordainketarik egiteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 830
2013.11.29

Ohorezko Lauaxeta saria Balentin Lasueneri

Urteroko moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta sariak banatuko ditu Euskerearen Nazinoarteko Eguneko ekitaldian. Aurten ohorezkoa Balentin Lasuneri emongo deutsie, bizitza osoko ibilbidean egindako lana eskertzeko.

Abenduaren 3an, Frantzisko Xabier santuaren egunean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Euskerea urte osoan landu beharrekoa dana badakigun arren, egun hori izentauta dago gogoan hartu beharrekoa dala gogorazoteko.

Egun hori dala-ta, erakunde, alkarte eta maila guztietako taldeek hainbat ospakizun eratuten dabez.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta gainerako udal gehienek gure inguruan ekintzak eratzen dabez egun horreri begira.

Esatekoak 0
Ikusita: 904