kontaktua
2011.12.07

Durangoko azoka gure kulturaren erakusgarri

Aurten be Durangoko Liburu eta Disko Azokak egin dau ekitaldia. Euskal kulturaren erakuslekurik handiena bihurtu da barriro be, eta hainbat euskaltzaleren topaleku. Aurreko urteetan moduan, argitaletxe eta diskoetxe guztiek euren nobedadeak erakutsi eta saldu dabez.

Handitzen doa, ganera, Durangoko Azoka. Haur Literatura Aretoa, Ahotsenea, ikusentzutekoentzako tartea, teknologia barrientzako lekua... Merkatua aldatzen doa, bitartekoak ugaritzen eta euskereak danetan behar dau bere lekua.

Horrezaz ganera, egiteko soziala be badauka Azokak, ezagunen topaleku, lagunak alkartzeko eta agurtzeko lekua da ta.

Esatekoak 0
Ikusita: 1200
2011.11.30

Lauaxeta Saria Gerediaga Alkarteari

Gerediaga alkarteko kideak saria hartuta.

Abenduaren 3a, San Frantzisko Jabier eguna, Euskeraren Nazinoarteko Eguna izentauta dago eta halan ospatzen da gaur egun erakunde gehienetan. Bizkaian, Foru Aldundiak Lauaxeta Saria ezarri eban urtero euskeraren zabalkundean eragile izan dan persona edo erakunde bat saritzeko.

Aurten, 2011ko Lauaxeta Saria Gerediaga Alkarteari emotea ebatzi dau Foru Aldundiak, eta emon be egin deutso abenduaren 1ean Foru Jauregian egindako ekitaldi baten.

Gerediaga Durangaldeko kultura eta ondarea suspertzeko sortutako alkarte bat da. Ha ta guzti be, gehien-gehien ezagutzen da Durangoko Liburu eta Disko Azoka eratzen dauelako.

Ekitaldian Bizkaiko Diputadu Nagusiak goratu egin dau alkartearen jarduna urte guzti honeitan eta, alkartearen izenean, Nerea Mujikak hartu dau saria. Bere aurretik eta ondoan alkartean jardun daben guztiei opatu deutsie gaurko omenaldia.

Esatekoak 0
Ikusita: 1057
2011.11.25

Casa y familia en Vasconia aurkeztu dabe Bilbon

Casa y familia en Vasconia Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egitasmoa zazpigarren emaitza da. Aurretik elikadura, bizitzako eta heriotzako erritoak, abeltzaintza eta artzaintza, ume-jolasak, eta herri medikuntzari buruz egindakoai gehitu jake.

Ikerketa honetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egindako inkesten emaitzak batzen dira. 87 herritan 750 inkesta egin dira, eta emaitza da 1.052 orri eta 518 irudiko liburu ederra. Liburuan datuak jaso dira, ez da interpretazinorik egiten, hori geroko geratzen da, beste ikerlari batzuk horren ganean teoria egin dagien.

Aurkezpenean parte hartu eben Ander Manterola Atlas egitasmoaren zuzendariak, Gorka Martínez BBK Fundazioko zuzendariak, Jose Luis Iparragirre Eusko Jaurlaritzako Ondareko zuzendariak eta Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputadeak. Horrez gainera, berba egin eben Segundo Oar-Arteta erredekzino taldeko kideak eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariak.

Danak zoriondu ebezan egileak eta eskertu erakundeak egitasmoari emondako babesa.

Esatekoak 0
Ikusita: 1121
2011.11.18

Gaurko euskal literatura aztergai

Gaurko euskal literatura eta literatura horren egileak ditugu azken aldian protagonista.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak urtero egiten dauen Forumean, aurten “Euskal kulturaren ajeak eta literatura” izenagaz eratu ditu saioak. Programan honeek dagoz.

Miren Agur Meabe Bitsa eskuetan bere poema-liburuko testuak errezitatzen, Ibone Ibazeta musikariak lagunduta.

Bigarren saioan Xabier Amurizak eta Jon Maiak "Mende baten aldarria" izeneko ekitaldia egin dabe. XX. mendean zehar egin diran aldaketak nabarmendu ditue bertan.

Hirugarren saioa Joseba Tapiarena da, "Eta tira eta tunba" izenekoa.

Saiook Euskaltzaindiaren egoitzan, Plaza Barrian, egiten dira azaro-abenduan, eta zabalik dagoz hara doan edonorentzat.

Beste alde batetik "Euskal idazlea gaurko munduan" gaia jarrita, mahai ingurua eratu dau Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak unibersidadean bertan. Ibilbide, idazlan eta garai ezbardineko hiru idazle batu ditue horretarako: Joan Mari Irigoien, Karmele Jaio eta Amaia Jauregizar, Jabier Kalzakorta moderadore dala.

Esatekoak 0
Ikusita: 1075
2011.11.11

Andrés E. de Mañaricua y Nuere (Bilbao, 1911-1988)

Andrés de Mañaricua 1911ko azaroaren 10ean jaio zan. Data horretatik ehun urte bete direla-ta, hil honen 10ean meza egin dabe haren alde Begoñako basilikan. Hainbat ikaslek eta lagunek parte hartu eben bertan, Mario Iceta gotzaina buru zala.

Meza hori urtean zehar egingo diran ekitaldietako bat da; izan be, mendeurrena ospatzeko, hitzaldiak egingo dira, eta baita argitaratu bako idazlanak atera be. Deustuko Unibersidadeko Euskal Gaien Institutua eta Bilboko Gotzaitegia dabiz ekitaldiok eratuten.

Andrés Mañaricua Bizkaiko historialaririk handiena izan da. Haren argitalpenen artean honeek nabarmenduko doguz: Santa María de Begoña en la Historia Espiritual de Vizcaya; kristautasuna Euskal Herrian ezartzeko prozesuaren ganeko lanak; Vizcaya, siglos VIII al XI. Los orígenes del Señorío, eta lanik onenatzat hartu daitekeena, Historiografía de Vizcaya (Desde Lope García de Salazar a Labayru).

Sari asko hartu zituan, baina bat azpimarratuko dogu, Bizkaiko Foru Aldundiak 1985ean Bizkaiko Seme Bikaina izentau ebanekoa. Erakunde horrek, gerora, bere izenagaz Andrés E. de Mañaricua Saria sortu eban euskal kulturaren alde behar egiten dabenak saritzeko eta lan horren aitormena egiteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 1366