kontaktua
2018.04.06

Ilustrazinorako diru-laguntzak

Eusko Jaurlaritzak komiki, nobela grafiko edo irudidun album formatuko liburu bat osotzen daben ilustrazioak sortzeko diru-laguntza deialdia iragarri dau.

Alde batetik, "irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu dauken ilustrazino-proiektuentzat" 15.000 euroko 3 laguntza egongo dira, eta bat andrazko batentzat izango da; beste aldetik, "komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu dauken ilustrazino-proiektuentzat" 15.000 euroko beste 4 laguntza banatuko dira, honeetatik be bat andrazko batentzat.

Gure artean sortzaile asko eta onak dagozala jakinda, bidea egin gura daben 18-30 urte bitarteko gazteei laguntzea da deialdi honen helburua.

Maiatzaren hasierara arte aurkeztu daitekez egitasmoak.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 199
2018.03.23

Sarako idazleen biltzarra

Aste Santuagaz batera badator urteroko moduan Sarako Idazleen Biltzarra. Hogeta hamahirugarren urtez egingo da idazleen azoka hau. Orain arte Pazko Astelehena izan da alkartzeko eguna, baina iaz egun bikoa egiten hasi ziran eta aurten be halan izango da, Pazko domeka eta astelehenea

Iparraldeko idazleen lan barriak ezagutzeko aukera ederra da egun horretakoa, idazleakaz eurakaz egoteko eta gure literaturaren termometroa zein dan jakiteko.

Idazleak, argitaratzaileak eta irakurleak alkarren barri eukitea ezinbestekoa da, eta aldi berean ona be bai.

Egun ederra igaro gura dauenak plan ezin hobea Saran eta inguruetan suertau ezkero.

Esatekoak 0
Ikusita: 324
2018.03.09

Euskerea teknologia barrietara ekarteko laguntzak

Bizkaiko Foru Aldundiak aurten be diru-laguntzak banatuko ditu teknologia barrien bitartez euskereak lekua irabazi dagian. Guztira 235.000 euro jarri ditu deialdirako. Profesionalentzat eta enpresentzat gorde ditue horko 160.000 euro eta ganerakoa irabazi asmo bako alkarteei emongo deutsi

Euskal kulturearen ondarearen ganean euskeraz dagoan informazinoa digitalizau eta zabaltzen daben proiektuak babestea da asmoa, baita euskerazko multimedia eduki barriak sortzea be euskarri fisikoan (CD, DVD eta abar) zein web bidez. Internet bidez zerbitzuak, komunikazinoa eta astialdia euskeraz eskaintzen daben webguneak be lagunduko ditue, euskerazko bideo-jolasak eta aplikazinoak ahaztu barik.

Euskereak bere lekua behar dau sarean, eta hori lortzen lagundu gura dau Aldundiak.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 406
2018.03.02

Badator aurtengo Loraldia

Loraldia euskal kultura zabaltzeko festibala da. Aurten 30 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu, musika, kultura eta antzezpenetan, Bilboko eszenategi ezbardinetan.

Laugarren urtea du euskerazkko kultura-ekoizpenak zabaltzeko saio honek. Martiaren 5etik 26ra bitartean ekoizpen sortubarriak, kantaldiak eta literatura ardatz daukien hainbat ekitaldi egongo dira.

Lekuak be asko izango dira: Arriaga eta Campos antzokiak, Azkuna Zentroa, Euskalduna jauregia, Guggenheim Museoa eta Bilboko Itsas Museoa besteak beste.

Agenda ondo begiratu beharko da ekitaldirik gustukoenak aukeratzeko.

Esatekoak 0
Ikusita: 335
2018.02.23

Ama hizkuntzaren nazinoarteko eguna

Ama hizkuntzaren nazinoarteko eguna ospatu da otsailean. Horren harira bakotxaren ama hizkuntza zein dan eta zenbat hizkuntza dagoan gure inguruan berbalekua izan da bazterretan.

Euskerea dogu gure arteko askoren ama hizkuntza, baina Bizkaian bertan berrehun hizkuntzatik gora erabilten dira. Batzuk ezagunak eta hedapen handikoak dira, beste batzuk ezezagunagoak; baina bakotxarentzat berea garrantzitsuena eta adierazgarritasun handienekoa.

Kontua da zelan lortu hizkuntzon artean bizikidetza, ze leku emon bakotxari, personen eta hizkuntzen arteko errespetua zelan ziurtau.

Ha ta guzti be, ospakizun horrek beste galdera batzuk be ekarri ditu: ama-hizkuntza zer edo zein da, zelan definidu eta mugatu; izendapena bera egokia da?

Hizkuntzak ondasun handia dira, bakotxak mundu ikuskera bat erakusten eta adierazten dauelako; horregaitik, hizkuntza bat galtzen edo hilten bada, ondare handia galtzen dau gizarte osoak.

Horregaitik dago izentauta ama hizkuntzaren eguna, danok jabetu gaitezan ondasun horren balioaz.

Esatekoak 0
Ikusita: 366