kontaktua
2012.01.13

Idazleak ezagutzen

Euskal Idazleen Alkarteak aspalditik dauka idazleakaz aurrez aurre berba egiteko programea. Eskoletan lantzen da batez be eta holan ezagutzen dabez gure ikasleek irakurten dabezan liburuen egileak zuzenean.

Aurten, ostera, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, horreri gehitu jako Bizkaiko idazle zaharren ezagupidea egitea idazle gazteen bitartez. Oraingo idazleak egingo dabe bakotxak bere eskualdeko idazle klasiko baten aurkezpena.

Klasikoak ezagutzeko eta zabaldundea egiteko modu egokia izango da, eta aldi berean, gure literatur sorkuntzaren katean loturea egiteko be bai.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1227
2011.12.13

Marijesiak eta Abenduak

Euskeraz Abendu berbeak esangura bat baino gehiago daukaz. Alde batetik hileari esaten deutsagu abendu. Eleizan Gabon aurreko aldia, Jesusen jaiotzaren aurrekoa, da abendua. Eta hirugarren bat da Abendu kantuan ibiltea, hau da, Gabon aurreko bederatzi gauetan bederatziurrena egitea.

Urteokaz Bizkaian ohitura hori bizirik dauken herrietako kantariak alkar hartuta dagoz, ohitura edo tradizinoari eusteko eta bakotxaren berezitasunak alkarreri erakusteko.

Aurreko urte bietan Ean alkartu izan dira herriotako ordezkariak herri bakotxeko kantuak erakusten. Eta aurten Gernikan egin dabe Andra Mari eleizan kantaldia.

Abenduaren 10ean izan zan ekitaldia eta bertan parte hartu eben Ea, Ariatza (Muxika), Lekeitio, Ibarrangelu, Iurreta, Arteaga eta Gernikako taldeak. Nagusiak eta umeak, andrak eta gizonak, soinuagaz eta barik, bakotxak bere herrian ohituten dan eran egin ebezan kantuok; marijesiak, abendua edo kebonikoak, lekuan lekuko izenaz esanda.

Ekitaldi ederra izan zan, benetan, eta Gabonak datozela iragarteko modu egokia, bai horixe.

Esatekoak 0
Ikusita: 1357
2011.12.07

Durangoko azoka gure kulturaren erakusgarri

Aurten be Durangoko Liburu eta Disko Azokak egin dau ekitaldia. Euskal kulturaren erakuslekurik handiena bihurtu da barriro be, eta hainbat euskaltzaleren topaleku. Aurreko urteetan moduan, argitaletxe eta diskoetxe guztiek euren nobedadeak erakutsi eta saldu dabez.

Handitzen doa, ganera, Durangoko Azoka. Haur Literatura Aretoa, Ahotsenea, ikusentzutekoentzako tartea, teknologia barrientzako lekua... Merkatua aldatzen doa, bitartekoak ugaritzen eta euskereak danetan behar dau bere lekua.

Horrezaz ganera, egiteko soziala be badauka Azokak, ezagunen topaleku, lagunak alkartzeko eta agurtzeko lekua da ta.

Esatekoak 0
Ikusita: 1216
2011.11.30

Lauaxeta Saria Gerediaga Alkarteari

Gerediaga alkarteko kideak saria hartuta.

Abenduaren 3a, San Frantzisko Jabier eguna, Euskeraren Nazinoarteko Eguna izentauta dago eta halan ospatzen da gaur egun erakunde gehienetan. Bizkaian, Foru Aldundiak Lauaxeta Saria ezarri eban urtero euskeraren zabalkundean eragile izan dan persona edo erakunde bat saritzeko.

Aurten, 2011ko Lauaxeta Saria Gerediaga Alkarteari emotea ebatzi dau Foru Aldundiak, eta emon be egin deutso abenduaren 1ean Foru Jauregian egindako ekitaldi baten.

Gerediaga Durangaldeko kultura eta ondarea suspertzeko sortutako alkarte bat da. Ha ta guzti be, gehien-gehien ezagutzen da Durangoko Liburu eta Disko Azoka eratzen dauelako.

Ekitaldian Bizkaiko Diputadu Nagusiak goratu egin dau alkartearen jarduna urte guzti honeitan eta, alkartearen izenean, Nerea Mujikak hartu dau saria. Bere aurretik eta ondoan alkartean jardun daben guztiei opatu deutsie gaurko omenaldia.

Esatekoak 0
Ikusita: 1077
2011.11.25

Casa y familia en Vasconia aurkeztu dabe Bilbon

Casa y familia en Vasconia Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egitasmoa zazpigarren emaitza da. Aurretik elikadura, bizitzako eta heriotzako erritoak, abeltzaintza eta artzaintza, ume-jolasak, eta herri medikuntzari buruz egindakoai gehitu jake.

Ikerketa honetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egindako inkesten emaitzak batzen dira. 87 herritan 750 inkesta egin dira, eta emaitza da 1.052 orri eta 518 irudiko liburu ederra. Liburuan datuak jaso dira, ez da interpretazinorik egiten, hori geroko geratzen da, beste ikerlari batzuk horren ganean teoria egin dagien.

Aurkezpenean parte hartu eben Ander Manterola Atlas egitasmoaren zuzendariak, Gorka Martínez BBK Fundazioko zuzendariak, Jose Luis Iparragirre Eusko Jaurlaritzako Ondareko zuzendariak eta Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputadeak. Horrez gainera, berba egin eben Segundo Oar-Arteta erredekzino taldeko kideak eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariak.

Danak zoriondu ebezan egileak eta eskertu erakundeak egitasmoari emondako babesa.

Esatekoak 0
Ikusita: 1136