kontaktua
2012.06.15

Jose Inazio Basterretxeak irabazi dau Gabriel Aresti ipuin-leihaketan euskerazko saria

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urtero deitzen dauen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan aurtengo irabazlea Jose Inazio Basterretxea Polo (Galdakao, 1959) izan da euskerazko arloan.

Berunezko iretargia quilates baporean izenburuko lana izan da saria eroan dauena, guztira aurkeztutako 41 ipuinen artean.

Epaimahaia osotu dabe Katixa Agirre, Juan Cruz Igerabide eta Igor Estankona idazleek, eta euren eretxian, ipuin honek sarrera indartsua dauka, eta gero Gerra Zibileko pasadizu gogorra dakar. Kronika antzera taiututa dago.

Jose Inazio Basterretxea Polo Informazino eta Komunikazino Zientzietako doktorea da, EHUko irakasle titularra da. Euskeraz lau eleberri argitaratu ditu, azkena 2011an, Azken Tranbiaren Itzala. Ipuinak be kaleratu ditu.

Esatekoak 0
Ikusita: 1408
2012.06.05

Mendebalde Alkarteari Urrezko Luma Bilboko Liburu Azokan

Mendebalde Kultura Alkarteari emon deutsie aurten Urrezko Luma, Bilboko Liburu Azokaren barruan.

Ekitaldia bagilaren 4an izan da, Bilboko Areatzan, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu andrea bertan dala. Alkartearen izenean Kaxildo Alkortak jaso dau saria, eta beragaz egon da Juan Luis Goikoetxea idazkaria.

Hogei urte laster beteteko dala, alkarteak mendebaldeko berbakerearen eta euskeraren alde egindako lanagaitik jaso dau saria.

Mendebalde Kultur Alkartea Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean sortu zan 1996an, Euskal Herriko mendebaldeko euskereak euskera batuari eskaini leion ondarea ikertzeko eta indartzeko, holan euskera bera osotasunean ikertu eta indartuz.

Alkartearen jarduerak era askotakoak dira. Urtero eratzen ditue jardunaldiak, gero liburuan argitaratzen direnak. Horrez ganera, Euskalingua aldizkari elektronikoa argitaratzen dabe, eta euskereagaz zerikusia dauken ganerako argitalpenak be egiten dabez.

Zorionak ba, euskerearen alde egindako beharragaitik eta horrek ekarritako sariagaitik.

Esatekoak 0
Ikusita: 1224
2012.05.30

Jardunaldia teknologia barriak eta hizkuntza-plangintzari buruz

Bizkaiko Foru Aldundiak eratuta, ekainaren 7an jardunaldia egingo da Bilboko Euskalduna jauregian.

Hitzaldi bi egingo dira hasteko. Miren Josune Ariztondo Kultura diputadeak euskereak Bizkaian azken urteetan egindako bidea azalduko dau. Eta Maite Goñik teknologia barrien gaur eguneko testuinguruaz jardungo dau.

Horren ostean, mahai-ingurua egingo dabe arlo ezbardinetan dabilzan lau ordezkarik: Maite Goñi irakaskuntzan, Jose Rojas Topagunean batez be aldizkari eta komunikazinoan, Fernando Simon euskara teknikari moduan eta Josu Larrañaga trebatzaileen ordezkari moduan. Moderatzaile Igone Etxebarria Labayru Ikastegikoa izango da.

Teknologia barriak guztiz aldatu deuskue komunikatzeko eta behar egiteko modua, eta horren barruan sarea bihurtu jaku komunikazino-tresna nagusia. Hizkuntza-plangintzaren ikuspegitik, euskereak erronka barriak daukaz joko-zelai horretan, eta baita aukerak be. Horren ganean jardungo dabe jardunaldian.

Euskara teknikari, irakasle, trebatzaile eta euskereagaz edozelango loturea dauken lanbideetako jenteari zuzenduta dago.

Esatekoak 0
Ikusita: 1160
2012.05.18

Arratiko kanta tradizionalak

Arratiko Musika Eskoleak 25 urte bete ditu, eta hori dala-ta, hainbat ekintza egin eta egingo dira. Horreetariko bat izan da herri-kanta tradizionalen bilduma egitea. Horren ardurea Ruper Lekuek hartu dau, Musika Eskolako eta Areatzako Bandako arduradun eta gaur egun Zornotzako Musika Eskolako zuzendari danak.

Zaletasunaz ganera, ikasketa eta ogibidez be musika landu izan dau Ruperrek. Eta musikaren barruan ez dau barria kantu tradizionaletarako zaletasuna. 80ko hamarkadan hasi zan Arratiko herri guztietan bertako jenteari batzen kantuak eta kontuak. Orduko grabazinoak izan dira neurri handi baten orain aurkeztu dauen errepertorioaren oinarria.

Biltzaileen artean talde eta alkarte asko aitatzen dira liburuan: bera Zeanuriko lagun taldeagaz, Jose Ramon Arbe eta Udako Euskal Unibertsitateko musika arloko ikerlariak, Labayru Ikastegiko soinu-artxiboa.

Informanteak behin eta barriz errepikatzen dira, eta liburuan argazki eta guzti jasota dagoz. Eurentzako omenaldi ederra da.

Liburuaren hasieran, Iban Gortazar eta Naia Rodriguezek Eskolaren historiaren barri emoten dabe. Ostean datoz kantuak, Gontzal Mendibil eta Ruper Lekueren sarrereagaz.

Guztira, hirurogeitik gora kantu, kopla, bertso eta errezitadu datoz, musika-partitura eta guzti. Bertan esanda dago nork nori eta noiz batuta dagoan bertsino bakotxa. Kontuan hartu behar da kantuok bertsino asko eukiten dabela, nok kantetan dauen.

Ha ta guzti be, holango asko galduten doa, eta horregaitik da garrantzitsua argitalpena, geroko geratu daiten eta hurrengo belaunaldiak horren barri euki daien.

Esatekoak 0
Ikusita: 1184
2012.05.10

Inauterien ganeko jardunaldia

Maiatzaren 11an egun osoko jardunaldia egingo da Bilboko Euskal Museoan Inauteriei buruz. Ekitaldi horretan laguntzaile dau Labayru Ikastegia.

Museoak aurten nazioarteko erakusketa bi egin ditu gai horren ganean, zein baino zein ederragoa. Eta zikloari amaierea emoteko, jardunaldi bat eratu dau gaiari buruz berba egiteko.

Inauterien esangura eta interpretazinoaz ganera, lekuan lekuko ohiturak be aitatuko dira, dala dokumentuetatik hartutako datuez dala ikuspegi etnografikotik.

Hizlariak izango dira Emilio Xabier Dueñas, Josu Larrinaga, Thierry Truffaut, Iñaki Irigoien, Adolfo Arejita eta Mikel Aranburu.

Esatekoak 0
Ikusita: 1078