kontaktua
2017.07.07

Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak euskeraren aldekoak

Egunotan 2016ko inkesta soziolinguistikoaren emaitzen barri emon dabe, eta euskererarentzako barri onak dakarz.

Azterketa horren arabera, euskerearen eremu osoa kontuan hartuta, 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 euskalduna da, eta % 16,4 euskaldun hartzailea. Orain dala 25 urte egindako lehen Inkesta Soziolinguistikoagaz konparauta, euskereak 223.000 hiztun irabazi ditu. Era berean, galdeketeak argi erakusten dau zelan gaztetu dan euskal hiztunaren profila. Inkesteak hartzen dauen edade-talderik gazteena, 16 eta 24 urte bitartekoa, da euskaldun ehunekorik altuena daukana, % 55,4, eta 1991n euskaldunena zanak, 65 urtetik gorakoenak, dauka gaur egun euskera gaitasunik apalena, % 20,4.

Eremuka, EAEn izan da hazkunderik nabarmenena; eta edadeari lotutako datuen arabera, euskerearen hazkundea gazteenetatik dabil zabaltzen.

Esatekoak 0
Ikusita: 63
2017.06.09

Euskerea gure lurraldeetako politikan

Hizkuntza politikeari buruz herri-erakundeek dituen asmoak eta erronkak ezagutzera emoteko mintegia eratu dabe Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak Bilbon ekainaren 14an. Herri-erakundeek hizkuntza politikearen arloan dituen lankidetza aukerez jarduteko mintegian parte hartuko dabe Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskerearen Nafar Institutuaren zuzendari nagusiak, Beñat Arrabit Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoko hizkuntza politikearen arduradunak eta Mathieu Bergé Ipar Euskal Herriko EEP Euskerearen Erakunde Publikoko lehendakariak.

Esatekoak 0
Ikusita: 102
2017.04.07

Berba Probak Mungian

Mungian aurten be Berba Probak egiteko deia zabaldu dabe, hamabigarrenez honezkero. Taldeak izena emon behar dabe eta eskura daukiez aurtengo esakuneak lehiaketa behar dan moduan prestetako.

Hizkuntza erabiltearen aldeko jarduera horretan, lehiaketa, jaia eta herriko bizitasuna batzen dira.

Izena emon gura dauenarentzat arauak sarean ikusi daitekez, https://sites.google.com/site/euskerazmungian/programak-eta/berba-probak helbidean. Hor dago azalduta prozedura eta baita be esakuneen zerrendea.

Ekintza eta egun polita da herrirako, animatu parte hartzen!

 

Esatekoak 0
Ikusita: 118
2017.03.23

Hemengo hizkuntza eta kultura gureak?

Gaurko munduan hizkuntzak, kultura eta hiztunak gero eta nahastuago gagoz. Alde batetik gure artean ditugu munduko hainbat lekutatik etorritakoak, euren hizkuntza eta kultura aldean dabela. Beste alde batetik, geu joaten gara nahinora gure ezaugarriak erakusten. Hedabideek be euren partea egiten dabe, zertan esanik e

Badihardugu alkarteak Euskal Herriko berbeta ezbardinak batzeko beharra hartu dau. Hemen egiten diran hizkuntzak zeintzuk diran aztertzen hasi eta 99 hizkuntzaren lekukotasunak batu ditue Euskal Herritik urten barik.

Era horretako gogoetak darabilez Labayru Fundazioan be, eta hori gogoan hartuta eratu dabe martiaren 30erako mahai-ingurua "Geureak eta inorenak. Kultura, identidadea eta transmisinoa" gaiari buruz.

Alde batetik zuzterrak nonon finkatuta euki gura doguz, baina munduko bizilagunak izatea be gustoko dogu, derrigorra izateaz ganera. Zelan josten dira gauza biok? Zeinek agintzen dau bikote horretan? Zelan orekatu alderdi bien eragina?

Gure hizkuntzak eta kulturak irautea gura badogu, zelan jokatu behar da transmisinoan? Lehengoa orainaldira ekarri daiteke? Ekarri behar da? Gerora begira jarri behar dogu, baina zelan?

Galdera asko dago airean, eta horreei edo antzekoei erantzuteko alkartuko dira Gaizka Aranguren, Agurtzane Intxaurraga, Ane Ortega eta Xabier Paya, Akaitze Kamiruaga moderadore dala. Ekitaldia Bilbon izango da, Rekalde aretoan, hilaren 30ean, arrastiko 6:30etan.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 183
2017.03.17

Etorri daNETIK eta joan daNIK HONA

Jazoera edo ekintza baten abiapuntua, hasiera-momentua, mendeko perpaus baten bidez adierazo gura danerako euskeraz darabilgun aditz markarik ezagunena -netik aditz-atzizkia da: dagoanetik, ekianetik, ibili zanetik, joaten danetik. Gaztelaniaz “desde que, a partir de que” preposizino-egituren ordeak euskeraz egiten dituana. Geroko aspektuaz nekez erabilten da: ikusiko danetik (??).

Arteragoko idatzian argitu genduan, esangura-eremu honetarako -netik eta -la sintaxi-ingurune diferenteakaz ohi darabilguzala. Batetik esango genduke: Zenbat urte dira zu ezkondu zinala? Eta bestetik: Zenbat urte igaro dira zu ezkondu zinenetik? Argitasun hau gorabehera, gaur egungo hedabideetan -netik markaren aldera desorekatu da lehengo oreka zaharra, eta aise entzun daiteke, egunokaz entzun dan legez, “Gaur sei urte dira, Siriako gerrea hasi zanetik”, ohiko hiztun naturalen ezpanetatik “hasi zala” jalgiko litzatekenaren lekuan.

Bigarren bereizkuntza bat egitea be eskatzen dau -netik aditz-atzizki horrek. Balio-anitza dalako berez aditz-atzizki hori. Izan be, denpora-perpausetako marka izateaz ostean, beste balio ezagun batzuetarako be badarabilgu. Halan, gaztelaniaz “según, por lo que” aditz aurreko preposizinoaren ordeaz euskeraz –netik aurkitzeak ez deusku mira egin behar: “Dinoenetik, hitzarmena eginda dago, sinatzeko egon arren”. Kausa-modu inguruko balioa be gorde leike, gaztelaniazko “como” preposizinoaren antzekoa: “Dan-dana dakianetik, berba bat be ez dau aterako ahotik.” Gure kostaldean berariaz, eguneroko kontua da egitura hori. Gaztelaniazko “en cuanto que” multzoaren lekua beteten be agiri da -netik marka. Mogelen esaldi honen harira: “Bizkaitarra zarean aldeti eginda daukazu idalgia; ez baina bizargin, odol-ateratzaile ta zauri-osatzailea zareaneti”; “zaran aldetik”  ulertu behar da zareaneti(k) horren azpian. Eta azkenez, gogora daigun erlatiboko perpaus nominalizatu arruntak eregiteko be aurkitu geinkela marka hori, -n + -etik partitiboaz osotua: “Nik daukadanetik emon neizu, baina ez daukadanetik ezin ezetara be!”; hau da, daukadan gauzatik edo dirutik.

Noiztik itaunari erantzutera dator, orohar, -netik atzizkidun mende-perpausa, denpora balioa daukanean. Aspektu burutuaz agertuko da batzuetan; mendeko ekintza amaitua dan momentuan abiatzen dalako ekintza nagusia. Halan: “Gure umea, oinez ikasi ebanetik behin be ez da behera jausi”. Beste aditz egitura batzukaz aspektu bururagabeagoa dauka. Aditz trinkoen kasua: “Ingalaterran egoanetik daki ingeles berbetan”. Edo aspektu ohiturazkoa beste batzuetan: “Ardaoa lar edaten dauenetik hartu ditu mendu txar guztiok”. Azkueren Latsibi nobelatik jasoriko hau balia bekigu: “Mungiak Mungia danetik hauxe baino gauza handiagorik ez dau egin.”.

-netik aditz-atzizkiaren lehiakide gertatzen da hizkera eta ingurune batzuetan –nik atzizkia, -n erlatibo-atzizkiari -ik ablatibo zaharra erantsirik sortua, eta -netik zabalagoaren ondoan bazter-erabilera lez iraun dauena, erdialdean baino bazter-hizkeretan gehiago. Añibarro arratiarrak honan dakar idatzirik: “Gure lenengo gurasoak bekatu egin ebanik, lar bere geratu zan gure biotza makurturik, ta gai gatx guztietarako”. Egin ebanik eta egin ebanetik bat dira esanguraz hor. Edo beste hau: “maitik jagi zanik, ez gox guztian anis garau batek balio daben duinbeste gauzarik egin ezik”. Hau da, mahaitik jagi eta ostean.

Semantika aldetik –netik atzizkiaz prozesu baten hasiera puntua zehazten dan ezkero, batzuetan, edo sarri, osagarri semantiko modura prozesuaren amaiera puntua adierazoten daben mende perpausak eta aditz markak be agirian azaldu ohi dira esaldian.

Arte, artean postposizinoa dogu horreetariko bat. Halan esan nei: “Pertsoneari, jaioten danetik eta hil arte mila nahigabe igaro beharra toketan jako mundu honetan”. Frai Bartolomeren esaldi bi jatorkuz era-erara egitura hau on egiteko. Bata: “Gizonak eta emakumeak dira agindu onetan sartuten direanak, amaren sabelean sortuten direaneti bizi direan arte guztian”. Bestea: “Amaren bularreti tiraka egozaneti zeuek baino andiago eta sendoago egin artean”.

Arte, artean, arteko tipoko postposizino honezaz gainera, beste batzuk be agertu ohi dira, ekintza nagusiaren denpora mugak zehaztera edo mugatzera datozanak. J. Mateo Zabalaren ondoko egiturea agergarri adiutua: “Baita jaieguna dirautsuedanean, aditu bear dozuez ogeta lau orduak, gaberdi baterik eta beste gaberdira, guztiak dakien legez, eta ez eguna barreatuten ta zabalduten dabenetik gaua ilundu [ilunduten daben] artekoa”.

Postposizino horreetarik ezagunen antzekoak, hona eta gehiago dira, batzuetan zuzen loturik, eta beste batzuetan eta juntagailua lokarri dabela. Bigarren egitura hau modernoagoa dala esan lei, lehenengoa klasikoagoa.

Aditz-atzizkiak berak be era bi onartu leikez: -netik erregularraren gainera, -nik zahar sundakoa. Bigarren hau, postposizinoz lagundurik doanean azaldu ohi da, bai lehen, bai gaur. Halan bada: -nik hona edo -netik (eta) hona, -nik gehiago edo –netik (eta) gehiago. Halan dirausku Mogelek, kasurako, Maisu Juanen ahoz: “Lo gozo-gozoan nengoan ta lo batek iraun deust etzun nintzanetik ona.” (PAb 61). Hona adberbio adlatiboak, denporearen erreferentzia ekintzaren hasiera-momentutik oraingo momentuaz alkartzen dau; berba egiten nagoan momentura arte.

Añibarrok -nik hona egitura zahar tipokoa darabil beste pasarte honetan: “mundua danik ona asmatu direan osagarri ta botika guztiak baino geiago osatu ditu beronek bakarrik.”. Baina idazle klasiko honek idatzi eban legetxe edo antzera entzun leio gaur be bizkai sartaldeko hiztun askori, esaten: Zu agertu zaranik eta hona ez dago hemen gerrea baino.

Adnominal funtzinoaz –netik honako(a) daukagu. Halan, gure klasiko baten luman: “Zeugaz haserratu zanetik honakoa”. Askoz oraintsuagokoa dogu Azkuek hain gogoko dauen honakoan inesiboko postposizino-egitura: “Gure tren hau Bilbotik ekarri euskuenetik honakoan, Labarto geluneko nagosi daukagu” (Latsibi).

Bide batez, gaineratu daigun –nik aditz-atzizkiak konparatze-egituretan dauen erabilgarritasunik oparoa: danik onena, dagoanik txarrena eta horretarikoetan. Añibarro bera, lekuko: “Ifini egizue ortu baten letxuga landaren arlo danik onena, baña inurriz betea”.

Maiztasun handiko beste postposizino bat, gehiago dogu. Joan zanik (eta) gehiago, joan zanetik (eta) gehiago legezko egituren bitartez, denpora erreferentzia hasiera puntutik denpora mugagabe baterantz zuzentzen da. Noiz arte dirauan denpora horrek lausoan gelditzen da. Edozelan be, berbaz indar eta erabilera handikoa dala esan ginei. “Andra horrek, umea hil jakonik eta gehiago ez dau osasunik izan”.

Aurrera adizlaguna be sarri agiri da denpora-ibiliaren indargarri modura, beti be etorkizuna mugagabe gelditzen dala. Klasikoen artean, Frai Bartolomeren esaldi bat jatorku eraz: umeak hazteko gurasoei zuzendutako berba gordinok darakuse ondo egitura hau, gomendioaz aparte: “Gaztetan, txikitan, lau edo bost urte dituaneti aurrera, domau eiozuz saihetsak”. Oraintsuagokoen artean, Etxeitak darabilen –nik aurrerantzean egitura be eredugarria dogu: “Ezin eban bere burutik aldendu, eurakana etozan ondasun eta zorrino guztiak, zireala Josetxo agertu zanik aurrerantzean, ta ume orren etorrerea miraria izan zala”.

Harrezkero postposizinoaz indarturik be hizkera modernoan behin baino sarriago erabilten da mende-perpausa. Etxeitaren Josetxo nobelakoa dogu pasarte hau: “Josetxo etxe honetara agertu zanik harrezkero, hamar urte honetan, baso, solo eta abere guztiak izan dira ekarkorrak; esan leiteke”.

Ezkero postposizinoa berez ez dagokio gramatika-legez –netik atzizkidun aditz bati, postposizino horrek -z atzizki instrumentala barruan daukalako, baina lexikalizazino prozesuaren ondoren biek alkar hartu dabe herri-hizkeran, eskualde batzuetan behintzat. Halan darabil Bedita Larrakoetxea zeanuriztarrak esaldi baten: “Orain barriz, Gorbeian dagoanetik ezkero, gitxienez zortzian behin bide horretatik zehar ibili behar dabe hamasei-hogeta bat artzainek”.

Laster adberbioaz lagundurik ikustea be ohikoa da: -nik laster edo -netik laster. Zabala bilbotar klasikoaren esaldi hau frogagarri: “zek galarazoten deutsue, goxean oetik jagiten zareenik laster, edo gauean oera baino leen, gauz’onen bat burutan artu, ta miinari eragin bagarik geldi-geldi atan egotea?” (I 186).”.

Aditz-atzizki honen osagarrien gorabeheran asko luzatu geintekez, baina gaurkoz bego horretan. Jardunari akabua emoteko, harako Ebangelioko pasarte ezaguna gogorarazo: Jesukristo, hil zanik edo ebenik (eta) hirugarren egunera berpiztu zala.

Osterako artean.

 

 

Iturriko

2017-03-17

Esatekoak 0
Ikusita: 184