kontaktua
2013.05.31

Bilboko Liburu Azokan Urrezko Luma Julen Urkizari aurten

Bilbon urtero egiten dan Liburu Azokan aurten Urrezko Luma Julen Urkizari emongo deutsie. Julenek, Markinako karmeldarren komentutik, Karmel aldizkariaren ardurea daroa urte 1984tik. Urtero-urtero lau zenbaki argitaratzen dabez eta beste lan asko be egiten ditue, Karmel Sorta eta Vasconia Sacra bildumetan.

Bera idazle baino gehiago eragilea da. Idazleak inguratu, zirikatu eta eragin egiten ditu idazteko. Baita argitaratu be gero euren idazlanok.

Ikasketak Zornotzan, Nafarroako Villafrancan eta Markinan egin ostean, Vienan jarraitu ebazan. Hainbat urte emon ebazan han, ikasten lehenengo eta beharren gero. 1981ean itzuli zan Euskal Herrira, Zornotzako Larrara lehenengo, eta oraintsuago Markinara.

Esatekoak 0
Ikusita: 56
2013.05.24

Irati Bediaga idazle barria

Irati Bediaga galdakoztarrak idatzitako “Beldarren hegaldia” ipuinak irabazi du Mikel Zarate haur literaturako saria. Laugarrenez egin dabe Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sariketarako deia, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile handia izandako Mikel Zarateren omenez.

Aurtengo deialdiak idazle barri bat ekarri dau euskal letretara, Irati Bediaga, Galdakaon 1990ean jaioa. Magisterio ikasitakoa da eta hau dau bere lehenengo idazlana. Udagoienerako argitaratuko da eta orduan leidu ahal izango dogu.

Lehen pertsonan idatzitako narrazinoa da, 10 urteko neskatoa protagonista dauena.

Esatekoak 0
Ikusita: 38
2013.05.16

Aita Santi Onaindia ikerketa bekaren deialdia

Amorebieta-Etxanoko Udalak urte birik baten deitzen dauen Aita Santi Onaindia Ikerketa Beka deialdia atara barri dau.

Euskal literaturako gaien gaineko ikerketa-egitasmoak uztailaren 15era arte aurkeztu daitekez. Behin ebatzia emonda, urtebeteko epea eukiko dau bekadunak lana egiteko eta 9.000 euroko saria. Lana, ganera, argitaratu egiten da.

Esatekoak 0
Ikusita: 33
2013.04.12

Idatz & Mintz literatur aldizkariaren 54. zenbakia

Labayru Ikastegiak argitaratzen dauen Idatz & Mintz Literatur Atalen sorta aldizkariaren 54. zenbakia kaleratu barri da. Eduki ugari dakar, dala sorkuntzan, dala azterketan eta saioan.

Jabier Kalzakortak artikulu bi egin ditu, batak “Balada gai biren ereduak ‘Plazan zer berri da?’ eta ‘Alhargüntsa’” dauka izenburua; eta besteak, “Basoilarraren khantorea”. Aldaera ezezagun zoragarriak dakarz oraingoan be, gure tradizinoko kantutegiko pitxiak. Horrezaz gainera, testuok hobeto ulertzeko eta gehiago gozatzeko balio daben hainbat ohar interesgarri emoten ditu egileak.

Poesia atala dogu zenbaki honetan ugariena, lau ekarpenekoa. Eneko Urizarrek “Metroko poemak laburrak” idatzi dau; Miren Agur Meabek ‘Iloba’ eta ‘Itxaroten’ poemak; Eukene Martinek “Barakuiluen erregina” eta Luigi Anselmik “Olerkiak”. Miren Agur eta Luigi aldizkarian ohikoak baditugu be, Enekok eta Eukenek lehenengoz agertu dabez euren idatziak Idatz & Mintz aldizkarian.

Narrazinoetan, Amaia Iturbidek “Bezatzailearen itzala eta zauria” izenekoan, ohikoak dituan gai eta egoeretara jo dau oraingoan be. Iratxe Ormatzak “Gandua” izeneko narrazinoan giza hartu-emonen tentsinoa garatzen dau.

Amaitzeko, Sebastian Gartzia Trujillok “Zaharrak… berri” izeneko artikuluan, euskal testu zaharren balioak eguneratzen ditu.

Esatekoak 0
Ikusita: 58
2013.03.15

Azkue sariak eta euskal literaturaz liburua ingelesez

Literatura arloko gai biren barri zabaldu da egunotan. Alde batetik Azkue Sariak banatu ebezan hilaren 13an, hau da, ume-gaztetxoen sorkuntza lanak bultzatu eta zabaltzeko sariak. Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero eratzen daben leihaketan, narrazino zein olerki generoan idatzitako idazlanak saritzen dira. Aurten be hainbatek parte hartu dabe eta zoriontzekoa da, gure literaturaren mintegia dira eta.

Literatureagaz lotuta, beste era bateko zabalkundea emoteko, ingelesez argitaratu da euskal literaturari buruzko liburua, Basque Literary History. Generoka eta kronologiaren arabera euskal literaturaren barri emoten dau, ingelesez argitaratutako euskal literaturaren lehenengo historia da. Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroak argitaratu dau eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskeraren Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria izan da edizinoaren arduraduna. Hainbat adituk hartu dabe parte lanean: Jesús María Lasagabaster, Igone Etxebarria, Joxerra Garzia, Aurelia Arkotxa, Beñat Oyharçabal, Jean Haritschelhar, Lourdes Otaegi, Patri Urkizu, Xabier Altzibar, Xabier Etxaniz, José Manuel López eta Estibalitz Ezkerrak. Ingelesezko itzulpena Amaia Gabantxok egin dau.

Esatekoak 0
Ikusita: 70