kontaktua
2011.06.09

Orbelak airez airez Herri ondarea herrira bueltau

“Orbelak airez aire” herri kantuak eta ume-hizkera oinarri hartuta prestatutako materiala da. Labayru Ikastegiak landutako material horretan, herritik batutako kantuak CDan grabau dabez, Galdakaoko Maximo Moreno Musika eskolako eta Etxebarriko Soinuzale Musika Elkarteko ikasle-irakasleen artean, Juan Carlos Irizarrek prestautako moldaketakaz.

Material bikotxa da izan. Alde batetik CDa bera, barruan dituela grabazinoakaz batera, kantu guztien letra-partiturak.

Beste aldetik, izen bereko “gida-didaktikoa eta kantu bilduma” argitaratu da. Gida horretan be, barruan dator CDa. Baina kantuakaz batera, kantuok eta material tradizionalok eskolan nahiz etxean erabilteko gida dakar. Gida horretan 0-6 urteko umeakaz jarduteko hizkuntza-baliabideak datoz: ume-hizkera, esakera okerrak zuzentzeko modua, egoeraren arabera erabilteko moduko esamoldeak, olgetak, jolasak.

Material guztia Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan bertako informanteei grabatutakoa da, herritik harakoa, barriro be gizarteratzeko. Bertan dagoz informanteek euren umezaroaz emondako barriak be.

Lan hau, berez, lehendik datorren egitasmo baten emaitza barria da. Zuztarretatik ahora izenagaz egin zan lehen DVD didaktiko bat. Hori lantzeko, Nerbioi-Ibaizabal inguruko hainbat informanteri galdeketak egin jakezan eta grabau egin ziran. Orduko emaitzaren kalidadea eta arrakasta ikusita, kontuan hartuta grabazinoetan beste material asko egoala, jarraipena emon jakon.

Egitasmo honetan honeek udalok parte hartu dabe: Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamokoak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1184
2011.06.01

Euskal Hiztegia definizinoduna Adorez 13

Aspaldian hasi zan irakasle talde bat lexikografia lantzen, euskeraz horren hutsunea ikusita. Sinonimoen hiztegia Durangoko azokan aurkeztu eben 1983an. Haren arrakasta ikusita, definizinoak emoten dituan hiztegia egitea erabaki eta beharren hasi ziran.

Harrezkero hainbat hiztegi argitaratu dabez, sinonimoenak, definizinodunak, hizkuntza bikoak. Adorez markeagaz, zenbatuta datoz lanok.

Oraingoan 13garrena dakarre, Euskal Hiztegia izenekoa, definizinoak emoten dituana.

Halango hiztegi bat egiten hasteko, pauso bi egin behar dira. Alde batetik, berbarik erabilienak aukeratu, eta bestetik, definizioak emoteko modua ondo finkatu.

Hiztegi honetan definizinoak eta adibideak ezeze, euskalkietatik baturako bidea errazteko asmoz sinonimorik erabilienak be proposatzen dira.

Baditu hiztegi honek beste ekarpen batzuk be. Euskeraz derrigorrez jakin beharreko berbak, oinarri-oinarrizkoenak [**] ikurra dauke (1.128 berba dira holangoak). Eta oso beharrezkoak direnak [*] izartxo bat (1.728 berba).

       Euskera batua da hiztegiaren esparrua, baina euskalkietako beste hainbat berba be sartu dira, horreekaz guztiakaz osotzen dalako euskara batuori. Itxuraz be bereiztuta datoz batzuk eta besteak. Euskaltzaindiak baturako onartutako hitzen sarrerak kurtsibaz edo letrakea etzanez datoz. Holan, letra moldeari erreparatua, argi dago baturako onartutakoak zeintzuk diran.

Esatekoak 0
Ikusita: 2435