kontaktua
2011.07.29

Labayru Ikastegia eta Euskerazaleak alkartea alkarregaz

Orain arte erakunde biok Bilbon egoitza bana euki dabe, Labayru Ikastegiak Indautxuko plazan, eta Euskerazaleak alkarteak Colon de Larreategui kalean.

Ibilbide ezbardina egin badabe be, erakunde biak beharrerako arlo beretsuetan dabiz, euskerea landu, irakatsi eta zabalduten. Horrez ganera, bateko besteko arduradunak eta hurrekoak hartu-emon handia euki izan dabe urte guztiotan.

Gaur egun, bien beharrizanak ikusita, egoitza baten batzearen alde onak eta txarrak ondo aztertu ostean, hitzarmena egin dabe erakunde biak Colon de Larreateguiko egoitza banatzeko.

Beraz, irailaren 1etik aurrera Labayru Ikastegiaren Bilboko egoitza Colon de Larreategui kalean, 14. zenbakia, 2. solairuan egongo da.

Egoitza barrian, erakunde biek euren idazkaritza eukiko dabe eta eskolak emoteko gelak banatu egingo dabez.

Aldi baterako kontratua egin dabe, baina gerora be jarraitzeko asmotan.

Esatekoak 0
Ikusita: 950
2011.07.21

Idatz & Mintz literatur aldizkariaren zenbaki barria

Labayru Ikastegiak ateraten dauen Idatz & Mintz Literatur Atalen sorta aldizkariaren 51. zenbakia argitaratu barri da.

2011ko lehenengo ale honetan, literatureagaz lotutako hainbat idazlan batu dira. Alde batetik Aita Lino Akesolo ekarri dabe gogora Adolfo Arejitak eta Juan Manuel Etxebarriak artikulu banatan.

Sorkuntza aldetik, Lourdes Unzueta, Amaia Iturbide eta Iratxe Ormatzaren narrazino bana dakarz. Eta Luigi Anselmiren “Bortz olerki llabur”.

Herri literaturako atalean, Jabier Kalzakortak “Brodatzen ari nintzen” balada ezagunaren bertsino barria emoten dau, Altzaikoa.

Sebastian Gartzia Trujillok euskera baserri-hizkuntza ete dan zalantzan jartzen dau saio moduko artikuluan.

Eta amaitzeko, Arantza Etxebarriak Francisco Javier Arrietaren Itsaso aldetik izeneko liburuaren erreseina idatzi dau.

Zenbaki betea dogu ale hau, aurrekoen antzean. 2010ean 50. zenbakira heldu zan aldizkaria aurrera doa, muga hori ez dala helmuga izan gogoratuz.

Esatekoak 0
Ikusita: 1171
2011.07.14

Eako poesia egunak

Urteroko moduan, aurten be poesia ardatz dala, jardunaldiak eratu ditue Ean, zortzigarrenak, poesia modernoaren ingurukoak.

Garagarrilaren 15, 16 eta 17an programa betea dago, beti be poesiagaz lotuta. Hitzaldiak, mahai-inguruak, irakurraldiak, errezitaldi musikadunak… poesiagaz gozatzeko hainbat aukera dagoz bertara hurreratu ezkero.

Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu poesia-egunok. Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, eta poema batzuk herrian bertan idatzi eta herriari eskaini eutsazan. Hori dala-ta, jardunaldiok Ean egiten dira, eta Arestiri omenaldia egiteko helburua be badauke.

Informazino zehatza gura izan ezkero, hemen programea eta gainerako gorabeherak: www.eakopoesiaegunak.com

Esatekoak 0
Ikusita: 1042