kontaktua
2011.12.13

Marijesiak eta Abenduak

Euskeraz Abendu berbeak esangura bat baino gehiago daukaz. Alde batetik hileari esaten deutsagu abendu. Eleizan Gabon aurreko aldia, Jesusen jaiotzaren aurrekoa, da abendua. Eta hirugarren bat da Abendu kantuan ibiltea, hau da, Gabon aurreko bederatzi gauetan bederatziurrena egitea.

Urteokaz Bizkaian ohitura hori bizirik dauken herrietako kantariak alkar hartuta dagoz, ohitura edo tradizinoari eusteko eta bakotxaren berezitasunak alkarreri erakusteko.

Aurreko urte bietan Ean alkartu izan dira herriotako ordezkariak herri bakotxeko kantuak erakusten. Eta aurten Gernikan egin dabe Andra Mari eleizan kantaldia.

Abenduaren 10ean izan zan ekitaldia eta bertan parte hartu eben Ea, Ariatza (Muxika), Lekeitio, Ibarrangelu, Iurreta, Arteaga eta Gernikako taldeak. Nagusiak eta umeak, andrak eta gizonak, soinuagaz eta barik, bakotxak bere herrian ohituten dan eran egin ebezan kantuok; marijesiak, abendua edo kebonikoak, lekuan lekuko izenaz esanda.

Ekitaldi ederra izan zan, benetan, eta Gabonak datozela iragarteko modu egokia, bai horixe.

Esatekoak 0
Ikusita: 1120
2011.12.07

Durangoko azoka gure kulturaren erakusgarri

Aurten be Durangoko Liburu eta Disko Azokak egin dau ekitaldia. Euskal kulturaren erakuslekurik handiena bihurtu da barriro be, eta hainbat euskaltzaleren topaleku. Aurreko urteetan moduan, argitaletxe eta diskoetxe guztiek euren nobedadeak erakutsi eta saldu dabez.

Handitzen doa, ganera, Durangoko Azoka. Haur Literatura Aretoa, Ahotsenea, ikusentzutekoentzako tartea, teknologia barrientzako lekua... Merkatua aldatzen doa, bitartekoak ugaritzen eta euskereak danetan behar dau bere lekua.

Horrezaz ganera, egiteko soziala be badauka Azokak, ezagunen topaleku, lagunak alkartzeko eta agurtzeko lekua da ta.

Esatekoak 0
Ikusita: 984