kontaktua
2012.01.27

Bertsozale Alkarteak 25 urte bete

Bertsozale Elkarteak 25 urte, mende lauren, bete dau. Alkarte horren egitekoak dira bertsolaritzea bera indartzea eta bultzatzea. Urteurrena dala-ta Beste larogei urtian izeneko liburua eta dokumentala prestau eta zabaldu dabe.

Alkartearen emaitza da, neurri baten behintzat, azkeneko urteotan bertsolaritzeak egin dauan gorakadea. Zertan esanik ez dago 25 urteotan asko aldatu dala bai bertsolarien bai bertsozaleen bai bertso-saioen irudia eta egikera.

Lehen tabernakaz lotzen bazan be, gaur egun bertsolariak ikasiak dira danak, eta bertsotan be gehienak bertso-eskoletan ikasitakoak.

Gaur egun bertso-saioak performancera jo dabe, eta gero eta mota gehiago ezagutzen dira: bertso-afariak, triki-bertsoak, musika klasikoa eta kantariakaz, antzezpen baten barruan…

Zabalkundeari begira be telebisinoa dala, txapelketen oihartzun mediatikoa dala, bertsolarien euren gizarteko entzutea dala… asko aldatu da eta baita biderkatu be.

Dokumentazino asko sortu da, bertsotakoa nahiz bibliografikoa, eta Xenpelar zentroa horretan zutabe ezinbestekoa da. Hori da Elkartearen ekarpenik handienetako bat.

Esatekoak 0
Ikusita: 1216
2012.01.19

Inauterien ganeko erakusketa

Laster datoz aratosteak, baina bitartean, jai horrek Europan hartu izan dituan itxurak ikusteko aukera dago Bilbon, Euskal Museoan ipini daben erakusketan, martiaren 4ra arte.

Inauteria. Europako Erregea II erakusketa ibiltaria da eta hiru atal ditu: Bildurra, Zeremonia eta Fartsea. Ikusgai dagozan gauza guztien artean, 72 guztira, gehienak maskarak eta jantziak dira. Eta dokumentaletan erakusgai dagoz Europako bost lekutako inauteriak.

Euskal Herriko inauteriak euren lekua dauke erakusketan, baina hareekaz batera beste hainbat lekutakoak dagoz, esaterako, Italia, Eslovenia, Errumania, Polonia, Kroazia, Bulgaria eta Mazedoniakoak.

Herri horreetan be egon da edo egongo da erakusketa; izan be, Europako museoen arteko alkarlanaren emaitza da, alkarregaz egindako egitasmoa.

Esatekoak 0
Ikusita: 1339
2012.01.13

Idazleak ezagutzen

Euskal Idazleen Alkarteak aspalditik dauka idazleakaz aurrez aurre berba egiteko programea. Eskoletan lantzen da batez be eta holan ezagutzen dabez gure ikasleek irakurten dabezan liburuen egileak zuzenean.

Aurten, ostera, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, horreri gehitu jako Bizkaiko idazle zaharren ezagupidea egitea idazle gazteen bitartez. Oraingo idazleak egingo dabe bakotxak bere eskualdeko idazle klasiko baten aurkezpena.

Klasikoak ezagutzeko eta zabaldundea egiteko modu egokia izango da, eta aldi berean, gure literatur sorkuntzaren katean loturea egiteko be bai.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1227