kontaktua
2012.03.15

Pizkundeko emakumeak hitzaldi ziklo baten Mungian

Eusko Ikaskuntzak eta Mungiako Udalak eratuta, Hitzaldi Zikloa egingo da Emakumeen mugimenduak Errepublika garaian: politika eta kultura izenburupean. Hitzaldiak martiaren 15, 22 eta 28an izango dira Mungiako Torrebillela Kulturetxeko Areto Nagusian.

Hiru hitzaldietan emakumeak izango dira gaia, ezezagun eta ezizenen azpian ostonduta inork ezagutu barik geratu direlako asko eta asko.

Lehenengo hitzaldian, “Nor-Nai, izenik gabeko artista emakumea” izenburuagaz, Joxean Muñoz gidoiegile eta kultura kudeatzaileak Txiki zanaren arrebearen marrazkigintza ekarriko dau agirira.

Hurrengoan Errepublika garaiko emakume idazleak hartuko ditu berbagai Labayru Ikastegiko Igone Etxebarriak, Sorne Unzueta Utarsus batez be.

Hirugarren hitzaldian Eli Garmendia kazetariak emakume politikarien ganean jardungo dau, Polixe Trabuduari buruz gehien baten.

Esatekoak 0
Ikusita: 1133
2012.03.09

Irakurle Kluba Bedian

Datorren martiaren 14an Irakurle Klubeko saioa egingo da Bediako liburutegian. Oraingoan Harkaitz Cano idazlea etorriko da, Twist nobelari buruz berba egitera.

Bedian irakurle talde bat batzen da aldian-aldian idazle bategaz berak idatzitako lan bat komentatzeko. Bigarren ikasturtea da hori egiten dana, eta honezkero hogei bat laguneko talde nahiko finkoa sortu da.

Liburutegian alkartzen dira irakurleok, Udalak Euskara Planaren barruan eratutako ekintza horretan. Saio batetik bestera iragarten da hurrengoa noiz izango dan eta ze liburu irakurri ordurako.

Julen Gabiria idazlea izaten da alkarrizketaren gidaria, bera be Bedian bizi dan ezkero.

Eta ez hori bakarrik, ikusita umeentzat be idazten daben idazleak etorri diranean ume batzuk be hurreratu direla, orain umeei eurei zuzenduta egiten hasi da saio berezia. Joan dan astean egin zan era horretako lehenengo saioa eta hurrengorako Miren Agur Meabe izango da konbidatua, Errepidean nobelari buruz berba egiteko.

Halangoetara gura dauena joan daiteke. Orain arte be Bediakoak bertakoak ez eze Arratiko beste herrietatik, Galdakaotik eta Zornotzatik be batu da jentea.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 914
2012.03.02

Labayru Hiztegiaren edizino barria aurkeztu dau Labayru Ikastegiak

Labayru Ikastegiak Labayru Hiztegiaren edizino barria kaleratu barri dau, 2003an argitaratutakoaren bersino barritu, osotu eta gaurkotua.

Labayru Hiztegiaren edizino barria barrutik eta kanpotik dator barriztauta. Edukia eguneratua, ugaritua eta aberastua dator eta itxurea be barria dakar, gaurko egunera egokitutakoa. Edizino barria da izan, baina lehengo izaereari eta Labayru Hiztegiaren ezaugarririk bereizgarrienari eusten deutso: bizkaiera eta batua batera lantzen dira.

Hiztegiaren edukia ugaritua eta ondua dator. 75.700 sarrera, 47.200 adibide eta 47.300 sinonimo batzen ditu; baita gramatika-eranskin erabilgarri eta osatu bat be. Terminologia zientifikoaren kopurua be handitu egin da eta guztira 53 jakintza-arlotako 12.000 termino inguru batu dira.

Lexiko-sarreren informazio osotua emoten dau: adierak, kategoria gramatikala, marka estilistikoa, adibide ugari eta adierazgarriak, erabilera-kontestuen gaineko azalpenak, argigarri gramatikalak, sinonimoak... Informazino guzti hori berrantolatu egin da aurreko edizinoaren ganean, eta argiago eta errazago emoteko ahalegina egin da.

Esatekoak 0
Ikusita: 892