kontaktua
2012.09.28

San Migel

San Migel iraileko jairik handienetakoa dogu. Irailaren 29an ospatzen da, hego-haize sasoian, halakoai sanmigel haizeak be esaten jake eta.

Urteroko moduan San Migel Arretxinagakoan, Xemeinen, gaueko hamabietan Mahai ganekoa esaten deutsien dantzea egingo dabe plazan. Izan be, dantzea mahaiaren ganean egiten da, alkatearena egiten dauana mahaiburu dala. Erromeria eten eta dantza ikusteko aukera eukiko dabe hara doazenak.

Esatekoak 0
Ikusita: 876
2012.09.21

ADITU! 3 ikas-material barria

Labayru Ikastegiak Aditu! 3 material didaktikoa argitaratu barri dau. Aurretik datorren proiektu baten hirugarren alea da, eta Helduen Hezkuntzan euskalduntzeko lehenengo maila jorratzeko ikasmateriala da. HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluari eta Ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako erreferentzia markoari erantzuten deutse.

Hiru osagai ditu: Irakaslearen gidaliburua, Ikaslearen lan-koadernoa eta entzunezko material osagarriak, CD euskarrian.

Ikastunitate bakoitza gai eta azpigai batzuen inguruan garatzen da. Taldean erabiltzeko aproposago ikusten bada be, ikaslearen beharrizanen arabera, bakotxak bere aldetik lantzeko aukerea be emoten dau.

Trebetasun guztiei erreparatuz, jarduera hartzaileak, entzumena eta irakurmena, eta jarduera sortzaileak, idazmena eta mintzamena, lantzen dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 952
2012.09.14

Lauaxeta olerki lehiaketa

Mungiako Udalak aurten be olerki-lehiaketa eratu dau, Lauaxeta herriko poeta handiaren omenez egin ohi dauen moduan.

Aurten “Amayur gaztelu beltza” izenburua ezarri dabe parte hartuko daben idazlan guztientzat. Gaia nahi dan eran landu eta asmau ahal izango da, baina izenburu horretara egokituta.

100 eta 200 bertso-lerro bitartean euki behar dabez idazlanok, beti be euskeraz idatzita eta originalak direla.

Lanak urriaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira eta sari bi egongo dira, 800 eta 500 eurokoak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1226
2012.09.04

Elantxobeko kulturetxeari Gorgonio Renteria izena ipini deutsie

Abuztuaren 25ean, Elantxobeko Udalak ekitaldi berezia egin eban. Lehendik egon dan kulturetxeari Gorgonio Renteria izena ipini deutso, herriko semea zanaren omenez.

Kepa Soraluze Kulturako zinegotziak esan ebanez, Udal osoaren oneretxia hartu eban proposamenak.

Labayru Ikastegiko Igone Etxebarriak Gorgonio nor izan zan gogoratu eban. Izan be, Igonek prestau eban Gorgonioren idatziak batzen dituan liburua, Izartu euskaldunak! Elantxobetar baten olerkiak eta artikuluak izenekoa, 2005ean Labayru Ikastegiak argitaratua. Gorgonio itxasgizon moduan Filipinetan ibili zan eta entzute on-ona hartu eban. Horrez ganera, abertzale eta jeltzale moduan bai Alderdi Jeltzalean bai herri-erakundeetan hainbat ardura bete ebazan; Elantxobeko alkate izan zan, kasurako, eta baita be Bizkaiko Foru Aldundiko alduna be.

Hitzaldion ostean Koldo Olagibel alkatearen eta Amaia Renteria Gorgonioren alabearen artean. Herriko umeek aurreskua eskaini eutsen gero eta, herritar guztien artean bihotz-bihotzez abestu eben Gorgonioren bertsoa:

 Elantxobetarra naz
ezin dot ukatu
neure herri maitea
nahi neuke goraldu;
herri ederrak asko
munduak baditu
neuretzako hobarik
ezin dot aurkitu,
ene ama laztana,
eleiza ta portu,
neure maiteak dira
ezin ditut ahaztu.

Esatekoak 0
Ikusita: 858