kontaktua
2012.11.29

Jardunaldia Eusebio Erkiagaren mendeurrenean

Ehun urte bete dira aurten Eusebio Erkiaga Lekeition jaio zanetik, hori dala-ta, haren idazle ibilbidea gai hartuta jardunaldia eratu dabe Euskaltzaindiak eta Deustuko Unibersidadeak.

Ekitaldi akademikoa azaroaren 30ean izango da, goizeko 10:00etan hasita, eta Erkiagaren idazle-adar guztiak aztertuko dabez hainbat hizlarik. Izan be, Eusebio Erkiagak genero guztiak landu zituan, nobela, poesia, antzerkia, itzulpena, eta ostantzeko idatziak egitea be suertau jakon (administratiboak eta). Idazle oparo eta emonkorra izan zan.

Eusebio Erkiaga lekeitiarra zan jaiotzez, baina bizitza gehiena Bilbon emon eban. Herri biakaz lotu-lotuta egon da, eta bere lanetan biak dagoz agirian. Merkataritza ikasi ostean Banco de Vizcayan behar egin eban, 1936an hasi zanetik 1977an erretiroa hartu arteko denpora guztian.

Gazte-gazterik hasi zan idazten, bere garaiko aldizkari-egunkarietan parte hartuz: Bizkaitarra, Eguna, Yakintza, Euzkerea, Euzkadi aldizkarietan hainbat lan argitaratu zituan. Ganerako lan luze gehien-gehienak Labayru Ikastegiak argitaratuta daukaz.

Esatekoak 0
Ikusita: 675
2012.11.21

Euskerazaleak alkarteak jarduera barriak aurkeztu ditu

Urtero ohi daben moduan, aurten be Euskarazaleak alkarteak Euskal Astea eta ipuin-sariketa egingo ditu.

Euskal Astea zemendiaren 26tik 29ra bitartean izango da, egunero hitzaldi bana: Angel Larreak 26an "Mito zarrak gaur egun" gaia erabiliko dau eta 28an "Sorgiñak Bizkaian"; 27an Paulo Atutxak "Colonen barriak I" gaiari buruz berba egingo dau; 28an Klaudio Barroetak "Sagardoa eta botila" izango dau hitzaldiko gaia.

Ipuin-sariketan parte hartzeko, hilaren azkenera arte bialdu daitekez ipuinak, hiru edo lau orrikoak, Colon de Larreategi 14, 2.eko egoitzara. Bost sari dagoz eta lehenengoak 300,00 euro ditu.

Esatekoak 0
Ikusita: 735
2012.11.08

Jardunaldiak Ondarea eta Hezkuntzaz

Zemendiaren 15 eta 16an Jardunaldia egingo da Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Campusean, Irakasle Eskolan hango ikerketa taldeek eratuta.

Unibersidadeko ikerketa taldeek euren ekarpena egingo dabe, bakotxak bere ikerketa-esparruaren ikuspegitik. Horrez ganera, ondarea batzen, aztertzen eta zabaltzen Euskal Herrian zehar diharduen hainbat talde eta erakunderen ordezkariek euren lanak eskolako curriculumean daukan sarbidearen barri emongo dabe.

Izena emoteko ahodiker.ehu@remove-this.gmail.com helbidera idatzi.

Esatekoak 0
Ikusita: 731
2012.10.31

Garbiñe Ubeda Augustin Zubikarai XII. Sariko irabazlea

Garbiñe Ubedaren Heldu den iragana lanak irabazi dau Augustin Zubikarai XII. nobela saria. Garbiñe Ubeda kazetari gipuzkoarraren lana aukeratu dabe Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak. Orain urtebete dauka idazlana amaitzeko gero liburu moduan argitaratzeko.

Saria Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dabe idazle barriak sustatzeko mintegi modura.

Esatekoak 0
Ikusita: 809
2012.10.26

Bizkaidatz leihaketaren deialdia

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak Bizkaidatz literatura sariaren bosgarren edizinoa aurkeztu dau. Kontakizun biren hasierea proposatzen jakez parte-hartzaileei, eurek istorioa amaitu deien. Goizalde Landabaso kazetariak idatzi dau euskerazko ipuinaren abiapuntua, Memoriaren mutazioa; eta, Juan Carlos Marquezek gaztelaniazkoa, Donde ya solo hay mar.

Esatekoak 0
Ikusita: 996