kontaktua
2013.02.22

Bizkaiko idazlan klasikoen promozinoa Deian

Deia egunkaria literatur liburu batzuen promozinoa egiten hasi da, danak Sutondoan bilduman argitaratutakoak. Bizkaiko euskerazko literatura ezagutzeko ezinbestekotzat joten diran idazlanak dira danak, XX. mende hasierako prosa eta poesia-idazle nagusien sei obra honeek: Ebaristo Bustintza Kirikiño: Abarrak, Domingo Agirre: Kresala; Errose Bustintza Mañariko: Ipuinik ipuin Mañarian gora; Paulo Zamarripa: Firi-firi; Ipolito Larrakoetxea Legoaldi: Grimm anaien berrogeita hamar ume-ipuin; Esteban Urkiaga Lauaxeta: Ludi honen bestaldez. Olerkiak.

Astean liburu bat eskainiko da, zezeilaren 23an hasita, zapatuetan erosteko aukereagaz.

Esatekoak 0
Ikusita: 1050
2013.02.14

Liburu barria argitaratu dau Labayru Ikastegiak Herri ipuinak bilduman

Zortzigarren alea argitaratu dau Labayru Ikastegiak Herri ipuinak sailean. Aurrekoetan moduan, ipuin bi ditu honek be, herriko ipuinak. Oraingoan "Astoa, txakurra, katua eta oilarra" eta "Askotxo" izenekoak dira. Lehenengoa Grimm anaiek batutako "Bremengo musikarien" aldaera da, bigarrena pertsonen izakerea erakusten dauenetakoa.

Ipuinok herritik batutakoak dira, Labayru Ikastegiko ahozko artxibokoak. Testuak osotuta eta irudiakaz apainduta aurkezten dira, umeei zuzenduta. Leiduteaz ganera, ariketak be egin daitekez ulermena ziurtatzeko.

Testua osotu eta ariketak sortzeko ardurea Idoia Alzibarrena izan da. Irudiak, ostera, Garikoitz Arregik egin ditu oraingoan be.


Esatekoak 0
Ikusita: 1101
2013.02.08

Mikel Zarate IV saria

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak haur literaturako Mikel Zarate lehiaketako laugarren deialdia egin dabe, umeentzako irakurgai barriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoagaz. Mikel Zarate Lezamako idazle handi eta oparoaren omenez egiten dan ekintza da hau.

Idazlana Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizuna izango da. Gitxienez 10 orrialde eta gehienez 50 izango ditu, eta 2013ko apirilaren 30era arte aurkeztu ahal izango da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, ostera, 2013ko maiatzaren 31 izango da.

Sari bakarra emango da 3.000 eurokoa, eta ganera Elkar etxeak argitaratu egingo dau eleberri edo ipuin saritua.

Argibideetarako:

Lezamako Udala: liburutegia@lezama.org edo 944556126

Esatekoak 0
Ikusita: 1079
2013.02.01

Tradizinoko ohituren agenda

Zezeilaren hasieran hainbat jai ospatzen dira gure lurraldean, modu berezian ospatu be. Agenda zabala dago tradizinoetan murgildu gura dauenarentzat.

Hilaren 2an Kandelerio eguna da, ohitura kandelak bedeinkatzea zan ekatx eta gaixoaldietarako. Gaur egun zentzu hori galduta dago, baina leku batzuetan kantuan ibilteko tradizinoa errekuperau dabe, Gernikan kasurako, eta zapatuan arrastiko 7:30etan hasita, herrian zehar ibiliko dira.

Zezeilaren 3a San Blas. Inon ezaguna bada jaia Abadiñon da. Feria eguna da, San Blas animaliak babesteagaz lotuta dago eta. Beste herri batzuetan be egiten da feria, Laudion kasurako. Horrezaz ganera, Sanblasak edo Sanblas hariak bedeinkatzeko egun da. Herrian-herrian egiten bada be, Bilbon San Nikolas eleizaren inguruan ohitura bihurtu da.

Zezeilaren 5ean dogu Santa Ageda, eta gure artean ohikoa da bezperan etxerik etxe kantuan ibiltzea. Horrezaz ganera, santa horren ermitak be badaukaguz. Zeanurin, adibidez, domekan mezea egingo da eta santaren kopla bereziak abestuko dabez. Barakaldon be, Santa Ageda auzoan, urteroko moduan erromeria handia egingo da, hiru egunetan gainera, aurreko domekan, egunean bertan, eta hurrengo domekan.

Esatekoak 0
Ikusita: 872