kontaktua
2013.03.27

Bilbo eta Bizkaiaren izena Himalaiara eroango dabe Txikon, Madariaga eta Tamayok

Alex Txikon, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo Himalaiara bidean dira honezkero, Azkue Fundazioak babestuta, euskerea gailurrik altuenetako batera eroateko, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren izena zabaltzeaz batera.

Menditik harago doan alkarlana da hau, handik bueltan, hiru mendizaleek euren bizipenak kontauko dituelako, euskeraz jakina. Berbaldiak, topaketak eta antzekoak antolatzeko asmoa daukie, euskerea ez eze, teknologia barriak be erabili eta bultzatzen dituela.

Alex Txikonek lankidetza hitzarmena sinatu dau Azkue Fundazinoagaz. Holan, espedizino hau ez eze, aurten bertan K-2ra egin gura dauena eta 2014an Everest, Kangchenjunga eta Nanga Parbatera egingo dituanak babestuko deutsoz. Trukean, Txikonek bere abenturen barri emongo dau euskerea eta teknologia barriak erabilita.

Esatekoak 0
Ikusita: 699
2013.03.21

“Bizkaiko dantzak eta dantzariak” erakusketa Bilboko Euskal Museoan

Euskal Museoak eta Bizkaiko Dantzarien Alkarteak alkar hartuta, “Bizkaiko dantzak eta dantzariak” izeneko erakusketa prestau dabe. Ikusgai dago honezkero, hemendik eta bagilera arte.

Erakusketak atal nagusi bi ditu. Bata herri dantzen ganekoa da, hau da, taldean eta alkarte osoak parte hartu leiken dantzena, erromeria edo soka-dantzaren modukoak adibidez. Eta bestea, erritu dantzei buruzkoa. Halangoak egitura, pauso eta koreografia zehatz-lotuak daukiez, kaixarrankea, dantzari-dantzea, ezpata-dantzea eta saragi-dantzea sartuko lirateke multzo honetan.

Erakusketa dagoan bitartean hiru dantza-erakustaldi egingo dira Plaza Barrian.

Esatekoak 0
Ikusita: 861
2013.03.15

Azkue sariak eta euskal literaturaz liburua ingelesez

Literatura arloko gai biren barri zabaldu da egunotan. Alde batetik Azkue Sariak banatu ebezan hilaren 13an, hau da, ume-gaztetxoen sorkuntza lanak bultzatu eta zabaltzeko sariak. Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero eratzen daben leihaketan, narrazino zein olerki generoan idatzitako idazlanak saritzen dira. Aurten be hainbatek parte hartu dabe eta zoriontzekoa da, gure literaturaren mintegia dira eta.

Literatureagaz lotuta, beste era bateko zabalkundea emoteko, ingelesez argitaratu da euskal literaturari buruzko liburua, Basque Literary History. Generoka eta kronologiaren arabera euskal literaturaren barri emoten dau, ingelesez argitaratutako euskal literaturaren lehenengo historia da. Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroak argitaratu dau eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskeraren Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria izan da edizinoaren arduraduna. Hainbat adituk hartu dabe parte lanean: Jesús María Lasagabaster, Igone Etxebarria, Joxerra Garzia, Aurelia Arkotxa, Beñat Oyharçabal, Jean Haritschelhar, Lourdes Otaegi, Patri Urkizu, Xabier Altzibar, Xabier Etxaniz, José Manuel López eta Estibalitz Ezkerrak. Ingelesezko itzulpena Amaia Gabantxok egin dau.

Esatekoak 0
Ikusita: 690
2013.03.08

Miren Agur Meabek <em>Kristalezko begi bat</em> izeneko nobelea argitaratu dau

Miren Agur Meabe aspalditik ezagutzen dogu literaturan, baina lehenengoz atera dau nobela bat helduentzat.

Lehendik poesia, umeentzako irakurgaiak, narrazioak idatzi izan ditu. Dana dala, azkeneko liburua be, Bitsa eskuetan izenekoa, poesia izan arren, genero baten sartzea gatxa da. Oraingoan nobelea idatzi dau, baina, bere estiloari segiduta, generoa zentzu zabalean hartuta.

Kristalezko begi bat Susa argitaletxeak argitaratu dau, baina sarean be irakurri daiteke honezkero. Atal laburrez osotutako irakurgaia da, hasi ezkero amaitu arte segitzeko gogoa txertatzen dau, ganera.

Liburu guztietan dago Miren Agurren izakeratik asko, baina oraingoa berak esan dau autorretratu modura egin dauela, askoz autobiografikoagoa da.

Esatekoak 0
Ikusita: 763
2013.03.01

“Itsasturiak” erakusketa Bilboko Itsas Museoan

EKE, Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak ekoiztuta, “Itsasturiak. Itsasoko jendea” multimedia erakusketa dago ikusgai ekainaren 30era arte.

Itsas munduaren lekukotasuna emoten dau Donibane Lohizune - Ziburuko marinelen ahozko lekukotasunak oinarri direla. Erakusketaren gaia da arrantzaren bilakaera XX. mendearen hasieratik gaur egun arte.

Erakusketak sei atal ditu gaika banatuta:  1. Arrantzalearen lanbidea; 2. Arrantza teknikak; 3. Itsasontzi motak; 4. Portuko lanbideak; 5. Dakarreko arrantza; 6. Donibane Lohizuneko portuaren antolaketa.

Esatekoak 0
Ikusita: 862