kontaktua
2014.06.27

Augustin Zubikarai XIV. Sarirako deialdia

Hamalaugarrenez deitu dabe Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai saria, euskal kulturea aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Saria nobelak sortzeko beka bat da.

Deialdira eleberriak idazteko proiektuak aurkeztuko dira, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak.

Proiektuak, 2014ko irailaren 30era arte bialdu daitekez helbide honetara: mrey@ondarroakoudala.net

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osotuko dabe epaimahaia eta irabazlea 2014ko urriaren 31 baino lehen iragarriko dabe.

Saria 6.000 eurokoa izango da. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlana amaitzeko. Luzerea aldez aurretik zehazten gatxa bada be, liburua osotzeko aina izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Eta epaimahaiak onespena emoten dauenetik hiru hilebeteko epean argitaratuko da liburua.

Esatekoak 0
Ikusita: 604
2014.06.19

Arratiako irudiak postalen bidez

Arratia posta txartelean izenburuko liburua atera barri dau Jo Urrutxurtu zeaniztarrak. Bagilaren 20an aurkezpena egingo dabe Igorreko Lasarte kultur aretoan.

Liburuan 89 posta-txartel batu ditu, danak Arratiako bizimoduaren erakusgarriak, XX. mendearen hasieratik 1950eko hamarkadara arte editautakoak.

Hiru gai-multzotan banatu ditu egileak txartelok:

Alde batetik tipoei buruzkoak eta ohitura posta txartelak; hau da, pertsonaiak euren ohiko jantziakaz agertzen direnak, baserriko lanak egiten kasurako, edo karta edo bola jokoan.

Beste gai bat tokiko bistei jagokena da (izaki bizidunakaz edo hain barik). Holangoetan paisaiak eta eraikinak datoz, eta baliteke batzutan jentea be ikustea.

Hirugarren multzoan publizidade posta txartelak sartzen dira, enpresa, alkarte edo erakunde baten jarduera ezagutzera emotekoak; kasurako, Areatzako bainuetxeak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratuak, baita Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolak ezagutzera emoteko editaukoak be.

Lan ederra eta interesgarria, duda barik.

Esatekoak 0
Ikusita: 718
2014.06.13

Zuztarluze leihaketa Galdakaon

Zuztarluze izeneko txapelketa Galdakaoko Udaleko Hezkuntza eta Euskara Arloak antolatu dau bigarrrenez aurten. Berez, formatu aldetik EITBko Mihiluze saioaren antzekoa da, baina eduki aldetik gure ingurune eta ondareari egokituta dagoen txapelketa da.

Izan be, Galdakaoko Udalak, Nerbioi Ibaizabal eskualdeko beste zortzi udalegaz batera, Zuztarretatik ahora ikerketa-egitasmoa ipini eban martxan 2006ko urtean, gure ahozko ondarea eta etnografikoa batu eta sailkatzeko, eta datuokaz hainbat jarduera eta produktu ondu dira urteokaz: eskola agendak, kantuen CDak, DVD interaktiboak, bideoak… Guztiaren barri www.zuztarretatikahora.com helbidean dago.

Aurtengo II. txapelketa udalerriko eskola eta institutuakaz batera antolatu da, eta zentroetako kanporaketak egin ostean, bagilaren 13an finala jokatuko dabe.

Ekitaldi horretan ikasleek egindako lana ikusi ahal izango da, udalerriko ikastetxeen lankidetzagaz, ikuspuntu pedagogiko eta linguistiko baten aldetik, helburu argi eta zehatz bategaz.

Harrera ezin hobea izan dala aitortu behar da, zentroen inplikazinoa be oso-osokoa, eta ikasleen artean gure bizimoduaren eta hizkuntzaren ganean ikasteko gogoa bizi-bizia.

Esatekoak 0
Ikusita: 717
2014.06.06

Liburu azoka Bilbon

Bilboko Arenalean dago aurten be liburu-azoka ekainaren 8ra arte. Urtero legez, hainbat erakusgarri dagoz: argitalpen barriak, lehenagokoak, generoka, eta abar.

Baina Azokak beste gauza askorako be emoten dau, ez da bakarrik liburuak ikusi eta erosteko. Idazleakaz topaketa interesgarriak dagoz, idazleak eurak liburuak sinatzen, mahai-inguruak, aurkezpenak… literaturaren ganeko ekitaldi asko eta interesgarriak.

Azoka horretan urtero banatzen dabe Urrezko luma saria. Aurten Galtzagorri Elkarteari emon deutsie, ume eta gazteentzako literaturaren alde egiten daben lanagaitik.

Zazpi kale saria, ostera, Miren Agur Meaberi emon deutsie, iaz gehien saldu zan liburuagaitik, Kristalezko begi bat izenburukoa. Aurten erderaz argitaratu dau liburu hori.

Esatekoak 0
Ikusita: 552