kontaktua
2014.07.30

Bizenta Mogel oinarritzat daukan kontakizuna

Yolanda Arrietak ondo ezagutzen ditu Markinako kaleak eta parajeak. Euskal literatura be ezaguna dau, idazle eta irakaslea dan aldetik. Markinako Bizenta Mogel idazleagaz arlo biok batu eta aztergai bihurtu dit.

Bizenta Mogel (1782-1854) Juan Antonio Mogelen lobea izan zan. Horregaitik, hain zuzen be, euki eban bere sasoian neska gazteek eukiten ez eben ikasketa eta prestakuntza maila. Ipuin onac liburua idatzi eban, eta horreri heldu deutso Yolandak Argiaren alaba idazlanerako.

Yolandaren liburua nobela generoaren barruan aurkeztu da, baina ikerketatik be asko dauka. Izan be, Bizenta bera, familia, garaiko bizimodua eta Markina, orduko euskalzaleak… erakutsi edo agertu gura izan ditu kontakizunean. Horregaz batera, ha ta guzti be, gaurko bizimoduan txertatuta dator lehenagoko historia. Protagonista amerikar euskaldun gazte bat da, Euskal Herrira bisitan. Lehena eta oraina, errealidadea eta fikzinoa nahastean eta saltoka ibiliko dira liburuan zehar.

Esatekoak 0
Ikusita: 793
2014.07.24

San Inazio egun handia Gorbeian

San Inazio egun seinaladua da gure inguruan. Ospatzeko lekuak eta moduak era askotakoak dira, baina Bizkaian Belatxiketara edo Gorbeiara joatea zabal-zabal dabilen ohiturea da.

Gorbeian ermita txikitxu bat dago Edurretako Amarena, eta aurten be mezea egingo dabe bertan eguerdiko 12etan. Oraintsura arte domeka eta jaiegun guztietan esaten zan mezea, uda-sasoian.

Zeanuriko herriak hartzen dau jaiaren ardurea. Kasurako, Andra Mariari egindako himnoa, Andra Maria Igiñakoa abestuko dabe, urteroko moduan, gogoan hartuta aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Azkenean San Inazio martxa kantau eta, ostean, Zeanuriko Udalak barauskarria eskeiniko dau: ardao zuria eta gailetak. Zeanuriko txistulariek euren doinuekin alaituko dabe giroa toki zoragarriotara bertaratuko diran guztientzat.

Amaren baseliza porlanez eginda dago, upel bobeda modura eraikia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau.

Argazkia: Arratiakoeliza.blogspot

Esatekoak 0
Ikusita: 589
2014.07.11

Imanol Berriatuari omenaldia Elantxoben

Elantxobe izen handiko euskalzaleen jaioterria da. Imanol Berriatua da horreetariko bat. Euskalduntze mobimentuetan aintzidaria izan zala esan daiteke, orduko gazte askorentzat erreferentzia.

Aurten ehun urte betetzen dira jaio zanetik, eta hori dala-ta, Elantxobeko Udalak eta Euskaltzaindiak jardunaldi eta ekitaldi ederra prestau dabe. Garagarrilaren 19an izango da.

Hasteko Imanolen bizitzari buruzko erakusketa birtuala egongo da Gorgonio Renteria kultur etxean. 12:30etan ekitaldi akademikoa izango da, bertan parte hartuko dabe Koldo Olagibel alkateak eta Euskaltzaindiko ordezkariek: Juan Luis Goikoetxeak, Xabier Kintanak eta Andres Urrutiak.

Gero etorriko da omenaldia bera, ohorezko aurreskua eta plaka bat agirian jarriz.

Eta eguerdian gura dauen guztiak parte hartu ahal izango dau herri-bazkarian.

Esatekoak 0
Ikusita: 592
2014.07.04

Eako poesia egunak

Eako poesia egunak aurten hilaren 11, 12 eta 13an egingo dira. Gabriel Arestiren Harri eta Herri argitaratu zanetik 50 urte bete diranean, hitzaldi, errezitaldi eta irakurraldietako asko horren inguruan antolatu ditue aurten.

Ha ta guzti be, gustu guztietarako saioak egongo dira, parte hartzekoak nahiz entzun edo ikustekoak. Hainbat idazle, aditu eta literaturazalek parte hartuko dabe programa bete-betean.

Egitaraua oso zabala da eta informazino guztia sarean kontsultau daiteke: www.eakopoesiaegunak.com helbidean.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 562