kontaktua
2014.09.26

Lauaxeta saria 2014

Mungiako Udalak Lauaxeta Olerki Lehiaketaren VII. edizinorako deia egin dau. Edizino honetan lehiaketa idegia izango da, bai forma aldetik eta bai eduki aldetik bere. Dana dala, Lauaxetaren “Maitale kutuna” olerkia erabili beharko dabe parte-hartzaileek erreferentziatzat. Poema horri esker lortu eban Lauaxetak 1930ean Olerti Eguneko saria, eta poema horrek berorrek bultzatuta argitaratu eban bere lehenengo olerki liburua. Aurtengoan, beraz, maitasuna izango dogu nagusi.

Ganerakoan sari bi egongo dira, lehenengoa 800 eurokoa eta bigarrena 500 eurokoa. Epaimahaia Miren Agur Meabek eta Karlos Santistebanek osatuko dabe, eta sari-banaketa abenduaren 3an egingo da, Euskeraren Nazioarteko Egunean Mungian egiten dan ekitaldi ofizialean.

Lanak Astiunerako Udal Erakundearen Egoitza Nagusian aurkeztu beharko dira (Agirre Jauregia, Aita Elorriaga Kalea 1, 48.100 Mungia) zemendiaren 11 baino lehenago.

Esatekoak 0
Ikusita: 898
2014.09.18

Durangoko Azoka ate joka

Udan gagoz ondino, baina urte amaierara begira jarri beharra daukagu, aurtengo Durangoko Azoka ate joka daukagu eta. 49. edizinoa egingo dau aurten, mende erdira hurreratuten doala.

Durangoko Azoka euskal kulturaren topaleku ederra izaten da. Literatura eta musikako argitalpen barriak aurkezteko eta ezagutzera emoteko une ezin hobea da, baina baita aspaldiko argitalpenak topatzeko be.

Aurten, abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da, eta honezkero zabalik dago izena emoteko epea. Argitaletxe, diskoetxe eta han erakusmahaia ipini gura dabenak iraila osoa dauke horretarako.

Esatekoak 0
Ikusita: 787
2014.09.12

Bilboko udalak euskera ikasteko deia egin dau

2014-15 ikasturtea hasibarri da eskoletan, eta euskera ikasi gura dabenek be irailean zehar izena emon beharko dabe euskaltegietan.

Bilboko udalak, Bilboko euskaltegiakaz batera, deia egin dau jentea animau daiten euskera ikasten. Eta deiori ume txikien gurasoei zuzenduta dago batez be.

Garrantzi handiko gizarte zatia da ume txikien gurasoena, umeek eurek eskolan ikasten dabenari jarraipena emon ahal izateko etxeko giroan.

Deia egiteaz ganera, Bilboko udalak laguntzak be bideratuko ditu horretara.

Esatekoak 0
Ikusita: 581
2014.09.05

Euskal literatura New Yorken

Etxepare Institutuak koordinatzen dituen zentroen bitartez, euskal hizkuntza eta kultura zabaltzeko hainbat unibertsitatetan dago halango ikasketak egiteko aukerea. City University of New York da horreetariko bat, Bernardo Atxaga katedraren bitartez.

Katedra horretan urriaren 6tik 10era bitartean euskal elaberriaren inguruan jardunaldiak egingo ditue. “De la desmemoria al pasado omnipresente en la narrativa vasca actual” izango da gaia, “Ahanzturatik nonahiko iraganerako urratsa gaur egungo euskal narratiban” izenburupean.

Gure euskal literaturan azken berrogei urteetan iragana oroitzeak ze eragin izan dauen aztertuko dabe, garai guztietako lanak eta egileak kontuan hartuta.

Iñaki Aldekoa eta Mari Jose Olaziregi izango dira irakasleak.

Baina ikastaroaren osagarri, beste jarduera batzuk be egongo dira. Hilaren 6an Ruper Ordorika kantariak eta Ben Monder kitarra-joleak kontzertua egingo dabe; eta 10ean, Josu Okiñena piano-joleak hitzaldi-kontzertua eskainiko dau Aita Donostiaren lanaren bitartez euskal folklorea ezagutzera emoteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 745