kontaktua
2015.01.30

Apirilaren 30era arte bialdu daitekez idazlanak Haur Literaturako Mikel Zarate VI. Sarira

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai barriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketa antolatzen dabe, euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz.

Oinarriak honeek dira: Lehen Hezkuntzako ikasleentzako idazlanak izango dira (6-12 urte bitartekoentzat), euskeraz sortutako kontakizunak. Neurria, makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikotagaz, gitxienez 10 orrialde eta gehienez 50.

Lanok  Lezamako Udalera bialdu behar dira 2015eko apirilaren 30a baino lehen.

Esatekoak 0
Ikusita: 561
2015.01.22

Hitzaldiak, jardunaldiak, irakurketak Bilbon, Foru Liburutegian

Bizkaiko Foru Liburutegiak egitarau betea aurkeztu barri dau urte osorako. Irakurleen taldeak, idazleen hitzaldiak, literatur leihaketak, hitzaldiak, topaketak, erakusketak eta formato guztietako jarduerak literatura sorkuntzagaz zerikusia dauken eragileakaz.

Euskera Irakurle Taldea euskarazko literatura zaleei zuzenduta dago, Txani Rodríguezek eta Julen Gabiriak gidatuta. Gaztelaniazko literatureari jagokon irakurle taldea Iván Repila idazleak zuzenduko dau.

Literatur Topaketetan parte hartuko dabe Unai Elorriaga, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza, Pako Aristi eta Jule Goikoetxea  idazleek, euskerazko jardueran; eta, Aixa de la Cruz, Fernando Palazuelos eta Rober Garay, Itziar Minguez eta Fran Santanak gaztelaniazkoan.

Erakusketen gaiak Bizkaiko auzo-ikastolak eta Bilbotik Durangora eta Arratiara tranbia elektrikoa, 50 urte Arratiako tranbia barik izango dira.

Berbaldiak, ostera, honeek: Vida de poeta (Kepa Murua), Heziketa, kirola eta bardintasuna (Koikili Lertxundi, Maider Unda eta Leticia Canales), Umore grafikoa, barrea barrikada (Asier & Javier), El buen amor. Vacuna para la violencia de género (Miriam Herbón), Kirikiño eta Errose Bustinza: Ipuingintzaren alde (Lourdes Unzueta, Javier Kalzakorta eta Seve Calleja).

Era guztietako gurariak asetzeko moduko programa.

Esatekoak 0
Ikusita: 702
2015.01.16

Kurik aldizkari barria Lekeition

Lekeition aldizkari barria atera dabe, Kurik izenekoa. Hasierako aurkezpenean argi azaldu dabe zer dan aldizkaria eta zertarako sortu daben:

“Gure aldizkaria, bere izenak dio, KURIK bat da historiari, kurika egindako begirada bat, jakiteaz gain dibertitzea be badelako gure nahia. Historian eta ondarean zeharreko ibilbide honetan katu baten laguntza izango dugu. Kurik du izena eta berak erakutsiko digu gure iragana.”

Historia eta ondarearen barri emotea da helburua, beraz, Lekeitiori lotuta. Era askotako gaiak topauko doguz lehenengo ale honetan: gozogileak, futbola, eskolak… Herriko idazleak be leku handia daukie bertan.

Informazino asko be asko dakar aldizkariak, eta argazki, grabatu eta era guztietako irudi ederrak daukaz. Alderdi grafikoa oso esanguratsua dau.

Ia bide luzea egiten dauen!

Esatekoak 0
Ikusita: 705