kontaktua
2017.01.27

Eguna egunkariaren 80. urteurrena

Eguna egunkaria Bilboko Posta kalean sortu zan lehenengoz 1937ko urtarrilaren 1ean. Euskera hutsez egindako lehenengo egunkaria izan zan. Hori gogoratzea, otsailaren 2an, eguerdiko 12:00etan, Bilboko alkateak plaka bat jarriko dau Posta kaleko 17garrenean, egunkaria egon zan etxean, haren oroigarri. Eta hilaren 10ean, Euskaltzaindiaren egoitzan, jardunaldi bat egingo da gai horri buruz.

Manu Ziarsolo Abeletxe zuzendari zala, lau kazetariren lanari esker atera zan egunkari ia guztia: Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga, Jose Mari Arizmendiarrieta eta Alejandro Mendizabal. Gazte-gazteak ziran, baina konpromiso eta ardura handia hartu eben.

Augustin Zubikaraik Euri eta txingor liburuan (Labayru Fundazioa, 2014) egunkariaren sorrera eta ibilbideari buruz luze idazten dau. Hona sorrerari buruzkoa:

EGUNA

Gerratean ezik ez litzatekez gauza asko egingo. Egun eta urte luzeetako buruhauste, autu, kontu, ezbai eta asmakizun asko, gerrateetan zirt edo zart erabagiten dira egun berean edo denpora laburrean.

Niretzat guda edo gerrak ehunetik larogeta hamarretik gora oztopoak, akatsak ditu. On gitxi, tarteko bakarrak ezik, ondoren zuzen barik, albotik, ondorioz urtenak. Honeen artean bat, onerako nahi okerrerako, erabagiak luzabide eta atzerabide barik hartu beharra.

Gabon egunen inguruan, Abeletxe izenordeagaz ezagutzen dan Ziarsolotar Manuk, gizon alai eta jatorrak, etorri eta gordin-gordin hauxe esan eustan:

–Agintarien guraria da euskeraz, euskera huts-hutsez eguneroko bat ateratea.

–Guraria, nahia.

–Bai, halantxe.

–Gurari asko ito egin behar izaten dira.

–Ez hasi kakoak bilatzen.

–Kakoak ez. Akatsak. Eta ezinak.

–Txikotak ondo lotuta dagoz.

–Zeinek?

–Ez olgetan jardun. Egunik be galdu barik atera eta kalean zabaltzea nahi dabe.

–Ameslari gehiegi dabilz munduan.

–Gerrako amesak ez dira ames, egin beharrak baino.

–Gerratean be amesak beti ames. Gerratean be izan eta eginen artean, hutsunea, tartea, bidea. Luze edo laburra, baina bidea. Guraritik lortzera, ahalegina, ekina eta izerdia behar.

–Nik eskabide edo agindu hori entzun dodanean, barru-barrutik, bete-betez baietz esan deutset, pozaren pozez negarrez. Aukera euki eta ez ete dogu egingo?

–Nigaitik bada ez dot ukatuko nazanaren ahaleginik, jakinaren zatia besteak ipinten badabe. Baina… konturatzen zara zertan sartu nahi gaituen? Hor dihardue Donostiako Argiakoek urte luzetan asterokoa eguneroko bihurtu nahi eta ezinik. Eta bake denporetako erraztasunak ez dira gaurko bardinak.

–Dana dala, ez alperrik jardun. Gudaria ez zara? Ba agindua da.

–Aginduak be bere oinarria behar dau.

–Agintzen dabenean oinarri hori aztertuko eben.

–Bilbotar erdeldunak ez dira hori ahal dala uste dabenak?

–Zergaitik erdeldunak?

–Erdeldunentzat alde erraza daukalako edozer erabagik. Konturatu lan erdia bandejan eskaintzen deutsela. Egina. Guk, izpar teknika kontuz, dan-dana egin behar. Aidean hartu eta eratu, taiutu behar. Besterik ezean euskeratu behar.

–Dana dala, agindua da.

Ez eban hortik urteten Abeletxek. Agindua da. Bere zirikadak eta eztenkadak atseginak izango dira, baina guri sartu euskun akuluak untze zorrotza eukan.

–Agindua bada, ahal bestean beteko da. Baina lehenagotik gure eretxia eskatzea ezinezko izan al da?

–Korapilorik ez nahastu eta ekin.

–Noiz aterateko?

–Urte barritik hainbat arinen. Urtebarri egunean bertan lehenengo zenbakia gura leukie.

–Inuzente egunaren bezperetan gagoz, ihardetsi neutsan.

–Inuzentekeriarik handiena, inork sinistuko ez dabena, geuk egin beharko dogu, esan eustan irribarretsu. Bai gizona, geuk! Eta esan barriro, poza igarten jakola bere ezpan bustietan.

Makurtu nintzan. Ez poz handiz, egia da. Etxe beteko egurra ikusten neban lepoan.

–Nortzuk izango gara lankide?

–Ni (Abeletxe bera) zuzendari. Zu (ni) ordeko. Eta Erkiaga, Arizmendi eta Mendizabal, oraingoz, idazkari, erredaktore. Excelsius gerra aurrean ateraten zan kirol edo deportetako egunerokoaren lantokia izentau euskuen guretzako, Correo kalean, Euzkadi egunkariaren gainean; albistari horretako argazki, fitxa eta artxiboa nahi bestean erabilteko eskubidez.

Horrelaxe, gudari lez, militarki, atera genduan lehenengo zenbakia, eskatuta lez, Urtebarri egunean; nahi eta Gabonzahar eguna egokia izan ez egunkarietako langileentzat, batez be linotipietakoentzat, ohitura dalako arratsalde erdirako lanak amaitzea, beste egunetan baino ordu batzuk lehenago, Gabonzahar egun hori etxeetan igaro ahal izateko.

Guk ez genduan erabagi izenik. Eguna deitzeko esan eben goitik. Horretan ez genduan denporarik galdu ez berbalekurik euki.

Gure gainetik kontseju zaindari, aholkulari edo begirale lako bat egongo zala esan euskuen. Badakit tartean, beharbada buru, Andres Arzelus, Luzear izenordeagaz ezagun zan euskal idazle jatorra egoana. Gizon isil eta ona benetan, eta langilea. Bi-hirutan egon nintzan beragaz egunkari honeri buruz inoiz jokabideren bat hartzeko. Bestela, kontseju honegaz ez genduan hartu-emonik euki, eta hortik zeintzuk ziran be ez jakitea. Beharbada zintzo jokatu ez bagendu, ezagutuko ginan.

Esatekoak 0
Ikusita: 157
2017.01.20

Bizkaidatz Txikia literatur lehiaketa

Bizkaiko Foru Aldundiak hirugarren urtez deitu dau "Bizkaidatz Txikia" haur eta gazteentzat literatura saria. Bere helburua Bizkaiko neska-mutilen eta gazteen artean literatura sorkuntzarako zaletasuna indartzea da. Idazlanak otsailaren 17ra arte aurkeztu daitekez. Lehiaketak kategoria bi ditu: umeena, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleentzat; eta gazteena, Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleentzat.

Idazle ezagun bik gaztelaniaz "El caso de sopapos y su banda de matones" (Laida Martínez Navarro) eta euskeraz "Paul eta sorginkeria-liburua" (Xabier Olaso) lanen lehenengo orrialdeak idatzi ditue, eta partaideek kontakizunari jarraipena emon eta amaitu egin behar dabe. Luzera 4 edo 5 orrialdekoa izango da.

Esatekoak 0
Ikusita: 179
2017.01.13

Ele! Lorca-Lauaxeta!

‘Ele! Lorca-Lauaxeta!’ ikuskizun literarioa prestau dau Karabansari produkzioak, eta urtarrilaren 14an a Barakaldoko Antzokian aurkeztuko dabe. Federico Garcia Lorcaren eta Lauaxetaren lanak oinarritu hartuta, hitzen, musikaren, irudien eta antzerkiaren bitartez nortasun ezbardin biren arteko alkarrizketa sortu nahi izan dabe egileek.

80 urte bete dira 2016an Lorca hil ebenetik, eta 2017an Lauaxetaren hilketatik. Ikuskizunean Lorcak eta Lauaxetak ordezkatzen daben gizakiaren balioen defentsa aldarrikatu gura dabe.

Jose Camarak zuzenduta, Jon Maia bertsolaria gidoiagaz honeek parte hartzen dabe: Ana Salazar dantzaria, aktoreaeta kantaria; Arkaitz Pascual eta Ángela Carbajo de Lera dantza/aktoreak; Jon Maia aktorea; Jesús Prieto “Pitti” eta Gorka Hermosa musikariak.

Esatekoak 0
Ikusita: 209