kontaktua
2018.07.27

'Belako zaldüna' pastorala aurten Maulen

Aurtengo pastorala Maule-Lextarreko emongo dabe garagarrilaren 29an eta abuztuaren 5ean. Guztira ehun lagunetik gora ibiliko dira parte hartzen.

“Belako zaldüna” izeneko pastorala Jean Bordaxar zuberotar kantariak idatzia da Jean-Philippe de Bela mauletar militarraren bizitzari buruz. Gizon horrek besteak beste frantses-euskera hiztegi bat egin eban.

Pastrola bera 15:30ean hasiko da, baina ohikoa dan moduan, 10:00etan mezea egongoda, 11:00etan desfilea eta 12:30ean bazkaria. Eta ostean be, 20:30etik aurrera, erromeria.

Esatekoak 0
Ikusita: 287
2018.07.19

Durangoko Azokak Sormen bekarako deialdia egin dau

Durangoko Azokak Sormen beka bat atera dau aurten, literatura arloan gazteei bidea egiten laguntzeko. Horregaitik deia hiru lan baino gitxiago argitaratu daben sortzaile barrientzako da. Egitasmoak banaka zein taldean aurkeztu daitekez, irailaren 21era arteko epean. Beka bakarra da eta bera 15.000 eurokoa.

Lanak epaitzeko orduan hainbat erezpide hartuko dira kontuan: proiektuaren kalidadea eta gaiaren tratamenduak sortu leiken interesa (% 45), gaitasun barritzailea eta originaltasuna (% 20) eta proiektuaren zabalkunderako ahalmena (% 15). Horrezaz ganera, beset erezpide honeek be kontuan hartuko dira: zenbateraino sustatzen diran kultur artekotasuna, genero-bardintasuna, integrazinoa, diziplinarteko izakerea eta komunikazino teknologien erabilerea (% 10); eta aurrez aurreko proiektua defendidutea (% 10).

Esatekoak 0
Ikusita: 71
2018.07.13

Liburubila atarian liburu, irudi, audio eta gura dozun guztia

Eusko Jaurlaritzak liburubila.eus ataria aurkeztu barri dau, orain arte beste bide batzutatik eskaintzen ebazan zerbitzuak bateratzeko. Orain atari bakar baten egongo dira eskuratzeko moduan liburuak, bideoak, audioak, dokumentuak…

Atari horretan hainbat informazino bilatu daiteke, eta batzutan informazinoa ez eze, prestamo-eskaria be egiteko modua be badago. Izan be, liburutegien sarea, eLiburutegia eta liburuKlik atarietako datu guztietara dago sarbidea.

Gero eta errazagoa da liburuen ganeko informazinoa aurkitzea eta liburuak eurak eskuratzea be. Zerbitzu ederra benetan.

Esatekoak 0
Ikusita: 103
2018.07.06

Bertso udalekuak 2018

Udan gaztetxu asko joaten dira udalekuetara. Horreetarikoak dira Bertsozale Elkarteak eratzen dituenak 9 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.

Garagarrilaren 7an hasi eta abuztuaren azkenera arte, hainbat txanda egingo dira, euskal lurralde guztietan zehar.

Udalekuon bitartez, bertsotarako zaletasuna bultzatzeaz ganera, astialdian euskereagaz disfrutatzeko aukerea eukiko dabe gazteok. Lurralde guztietakoak nahastean egoten diranez, aberasgarria da guztiz eurentzat, hartu-emonetarako, hizkuntza eredu ugarirako…

Ganera, begiraleez ganera, bertsolari ezagunak be egongo dira eurakaz, eta bertso-afaria egingo dabe bertsolari hasibarriek eta beteranoek.

Esatekoak 0
Ikusita: 89