kontaktua
2012.05.18
07:08

Arratiko kanta tradizionalak

Arratiko Musika Eskoleak 25 urte bete ditu, eta hori dala-ta, hainbat ekintza egin eta egingo dira. Horreetariko bat izan da herri-kanta tradizionalen bilduma egitea. Horren ardurea Ruper Lekuek hartu dau, Musika Eskolako eta Areatzako Bandako arduradun eta gaur egun Zornotzako Musika Eskolako zuzendari danak.

Zaletasunaz ganera, ikasketa eta ogibidez be musika landu izan dau Ruperrek. Eta musikaren barruan ez dau barria kantu tradizionaletarako zaletasuna. 80ko hamarkadan hasi zan Arratiko herri guztietan bertako jenteari batzen kantuak eta kontuak. Orduko grabazinoak izan dira neurri handi baten orain aurkeztu dauen errepertorioaren oinarria.

Biltzaileen artean talde eta alkarte asko aitatzen dira liburuan: bera Zeanuriko lagun taldeagaz, Jose Ramon Arbe eta Udako Euskal Unibertsitateko musika arloko ikerlariak, Labayru Ikastegiko soinu-artxiboa.

Informanteak behin eta barriz errepikatzen dira, eta liburuan argazki eta guzti jasota dagoz. Eurentzako omenaldi ederra da.

Liburuaren hasieran, Iban Gortazar eta Naia Rodriguezek Eskolaren historiaren barri emoten dabe. Ostean datoz kantuak, Gontzal Mendibil eta Ruper Lekueren sarrereagaz.

Guztira, hirurogeitik gora kantu, kopla, bertso eta errezitadu datoz, musika-partitura eta guzti. Bertan esanda dago nork nori eta noiz batuta dagoan bertsino bakotxa. Kontuan hartu behar da kantuok bertsino asko eukiten dabela, nok kantetan dauen.

Ha ta guzti be, holango asko galduten doa, eta horregaitik da garrantzitsua argitalpena, geroko geratu daiten eta hurrengo belaunaldiak horren barri euki daien.

Ikusita: 1299
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera