kontaktua
2011.03.08
10:50

Bizkaieraren ataria

Interneteko atari hau bizkaiera erabilten laguntzeko sortu da. Edukion helburua da bizkaiera ezagutu eta erabili gura dauenari eskura jartzea landu izan diran tresnak eta bitartekoak. Hemen aurkezten dana hasierea baino ez da, hau apurka-apurka betetzen eta osotzen joan behar da eta, zenbat eta beteago, orduan eta balio handiagoa hartuko dau.

ZERGAITIK LAN HAU

Bizkaiera lantzen hainbeste urteko esperientzia eta ahalegina metatu eta gero, orain material hori guztiori sarearen bitartez zabaldu eta hedatuko da, orain arte sortutako material guztiak gehi beste barri batzuk batera ipinita baliagarriagoak diralako.

Bizkaiera ezagutu gura dauan jenteak, Bizkaikoa izan zein ez, interneten bitartez kontsultak egin ahal izatea ezinbestekoa da. Eduki batzuk lehenago be badagoz han eta hemen, baina batera ipintea onuragarria da erabiltzaile guztientzat.

Bizkaiera ezagutzera emoteaz batera, euskerea bera aberastuko dogu, euskera batua darabilenak be jaso ahal izango dauelako gure aberastasuna. Batzuetan gertatzen da ahoz erabilten dogun erregistroa idazten ez jakitea.

Beste kasu bat be gertatzen da, euskera batuaren bitartez sartu diran erabilera batzuk nagusitu dira, bizkaieraz egokienak izan ez arren, eta hori dala-ta alboratuta daukaguz esamolde hurrekoagoak eta jatorragoak.

Halango nahasteak eragozteko edo argitzeko bideak emon behar dira, kontsultarako eskura eta erraz jasoteko moduan.

Maminaren aldetik zati handi bi daukaz atariak: aldian aldiko txatalak eta corpusak.

JAKINGARRIAK

Astean-astean sartuko dira hurrengo ataletan era guztietako jakingarriak beti be Bizkaiko euskereagaz eta Bizkaiko kultureagaz lotuta. Alderdi hau bizia izango da atarian, barriztetan joango da eta astero sartuko dira txatal barriak.

Holango hiru arlo apartau dira:

1. Barriketan: Ahozkoari lekua egiteko bideo txatalak jarriko dira, eskualde ezbardinetako hiztunak berbaz dagozala. Agirian hiru txatal egongo dira; astean-astean barriak jarriko dira eta kentzen diranak memorian pilatuko dira, ikusgai egon daitezan.

Zein jarri aukeratzeko erizpide bi hartuko dira kontuan, alde batetik berbeta modu ezbardinak, azpieuskalkiaren arabera; bestetik, gaiak, datagaz zerikusia daukien kontuak (egutegiko jaiak, ospakizunak, ohiturak, gertaerak…).

Ahozkoa batzuetan ez da erraza ulertzen, norberaren eredutik urruntzen danean batez be. Horregaitik, entzun ahala, idatzizko laburpena transkripzinoa leiduteko aukera emongo da.

2. Dakienak daki: Atal honetan sartuko dira berba baten, esamolde baten, gramatika-egitura baten ganeko informazinoa. Azalpenagaz batera, dana dalako argibideak emongo dira: siniskerak, ohiturak, pareko esamoldeak…

Horrez ganera jenteak bere oharrak egiteko tartea jarriko da, foro antzera: berak zelan esaten edo erabilten dauen, zalantzak, beste argibide batzuk emon edo eskatzeko eta abar.

3. Zahar-barriak: Bizkaiereagaz zerikusia daukien barriak emoteko atala izango da hau. Barriok era askotakoak izan daitekez: notiziak, ekintzak, ekitaldiak, argitalpenen erreseinak…

CORPUSA

Atal hau aldakorra barik metatzailea izango da, eta kontsultarako pentsauta dago. Helburua da bizkaieraz idatzi gura dauenari ahalik eta bitartekorik gehien emotea, gramatika, hiztegi eta hizkuntz erregistroen aldetik.

Corpus horrek hainbat atal daukaz.

4. Hiztegia: Labayru Hiztegia kontsultarako jarri da, adibideak eta argibide guztiak sartuta. Adierazk ezeze, beste hainbat argibide be emoten ditu hiztegionek: esamodu eginak, egitura gramatikalak, sinonimoak, aldaerak bizkaieraz eta batuaz.

Labayru Hiztegia-k (euskara-gaztelania) honeek ditu: 69.642 sarrera eta azpisarrera, 45.293 adibide, 3.951 lokuzino, 46.798 sinonimo, 773 esaera, 2.412 egitura tekniko eta berezi adibideetan.

Diccionario Labayru-k (gaztelania-euskera) beste hainbeste: 58.804 sarrera eta azpisarrera, 27.052 adibide, 3.855 lokuzino, 1.065 egitura tekniko eta berezi adibideetan.

5. Bizkaieraz idazteko jarraibideak: berbaz ondo dakianak be sarritan zalantza eukiten dau idazteko orduan. Zelan ete da: batzukaz, batzuekaz, batzukin… Labayru Ikastegiak orain arte behar handia egin dau arlo horretan. Hortik sarean erraz kontsultatzeko moduan jarri ditu bizkaieraren oinarrizko gramatika eta morfologia: jakingarri orokorrak idazkeraz, aditza, deklinabidea, atzizkibidea, esaldien arteko lotura errazenak.

6. Bizkaiera idatziaren corpusa: hizkuntzaren erabilera, erregistro eta aldaerak kontsultau ahal izateko guztiz erabilgarriak dira corpus linguistikoak. Corpusa ahalik eta baliogarrien izan daiten, eredu, erregistro eta genero ezbardinetako testuak erabiliko dira: literatura, kazetaritza, administrazinoa, irakaskuntza, ahozkoak.

Abiapuntutzat 2.000 sarrera inguru jarri dira, baina aurten bertan beste hainbeste sartzea aurreikusita dago.

7. Bizkaieraren bibliografiaren katalogoa: bizkaieraren barri jakin gura dauenarentzat bibliografia-katalogoa eskaintzen da. Katalogoko fitxetan, handi-handi, moltso bitan batzeko moduko material bibliografikoak dagoz: hiztegi-gramatikak alde batetik, eta bizkaieraz sortutako testuak bestetik.

8. Herri-ondarearen katalogoa: herri-ondareagaz, herri-kulturagaz, eta herri-euskereagaz zerikusia dauken txatalak katalogauko dira corpus honetan. Gaitegi jakin baten arabera sailkatuta, gure kulturaren adierazle era askotakoak batuko dira bertara. Bizkai osoko lekukotasunak batuko dira. Bideoak dauka lehentasuna, baina osotu egingo da audio, argazki, testu eta euskarri mota guztiakaz. Hasibarri dagoanez, 200 bat sarrera ditu, baina aurten asko ugaritzeko ustea daukagu.

9. Onomastika-datutegia: toponimiari lotuta egindako ikerketen emaitza batzen dau datu-base horrek. Herrika antolatuta dagoala, hainbat toponimo dago, fitxaka bilatzeko moduan. Fitxetan, ostera, Artxiboetako dokumentu idatzietako barianteak, ahoz batutako aldaerak, irudiak eta sailkapena jasoten dira. Ia 12.000 fitxa dira guztira.

10. Bizkaierazko zuzentzailea: Azkue Fundazioaren eskariz Labayru Ikastegiak eta Eleka enpresak egokitutako Xuxen B zuzentzaile ortografikoa hemendik deskargatzeko modua jarri da.

11. Errefrauak: 2011ko egitasmoa da corpus atal honetan beste leiho bat zabaltzea errefrau errepertorioak hona ekarteko. Han-hor-hemen argitaratutakoak, herririk herri batutakoak, apurka-apurka zerrenda luzatzen eta danak leku batera ekarten joatea da asmoa.

Ikusita: 6358
  • Esatekoak: 2
  •  
Gravatar: BaltzamoBaltzamo
2011.03.10
18:15
Ondo etorri!

Ondo etorri, lagunok! Bizkaie.biz agerkari eskergeak baeukan 'bizkaiera.net' orrialdea, bai, eta ha be eskertzekoa zan; baina hau askozaz ere konpletuagoa da. Izan be, honako orrialde hau -bizkaiera.biz- behar eban Bizkaie.biz atariak, ze holan bizkaieraz irakurten dogunok badaukagu geure 'Bizkaieratzaindia' moduko bat, Benetan, alkarren osagarriak zarie... Barriro be, Zorionak eta iraun sendo euskerearen eta bizkaierearen alde!!

Gravatar: AtximitakoAtximitako
2011.03.11
10:18
Ordua izan da. Beinke!

Zorionak atariaren sortzaileoi eta eskerrik asko horrenbeste informazino danon eskura ipintearren.

<< atzera