kontaktua
2014.06.06

Liburu azoka Bilbon

Bilboko Arenalean dago aurten be liburu-azoka ekainaren 8ra arte. Urtero legez, hainbat erakusgarri dagoz: argitalpen barriak, lehenagokoak, generoka, eta abar.

Baina Azokak beste gauza askorako be emoten dau, ez da bakarrik liburuak ikusi eta erosteko. Idazleakaz topaketa interesgarriak dagoz, idazleak eurak liburuak sinatzen, mahai-inguruak, aurkezpenak… literaturaren ganeko ekitaldi asko eta interesgarriak.

Azoka horretan urtero banatzen dabe Urrezko luma saria. Aurten Galtzagorri Elkarteari emon deutsie, ume eta gazteentzako literaturaren alde egiten daben lanagaitik.

Zazpi kale saria, ostera, Miren Agur Meaberi emon deutsie, iaz gehien saldu zan liburuagaitik, Kristalezko begi bat izenburukoa. Aurten erderaz argitaratu dau liburu hori.

Esatekoak 0
Ikusita: 537
2014.05.23

Herriko toponimia eta ondarea ezagutzen

Getxoko Udaleko euskara zerbituak herriko toponimia ezagutzera emoteko ibilbideak eratu ditu parte hartu gura daben guztientzat. Lau ibilbideren bitartez, herriko lekurik esanguratsuenak erakutsi eta lekuan-lekuko izenak nondik datozen, zer esan gura daben eta abarrak azalduko deutsez gidari batek.

Ibilbideon helburua herriko ondarearen barri zabaltzea da, hizkuntzaren ikuspegitik ezeze kultura eta natura aldetik be.

Ibilbideak doakoak dira, gura dauenak izena emon baino ez dau egin behar. Ha ta guzti be, eskola eta euskaltegientzat taldeak osotu eta eurentzat egunak ipinteko aukerea be badago.

Ibilbideak hiru bat ordukoak dira, eta bakotxak inguru bat hartzen dau.

Lehenengoa Bolueko Hezeguneak ezagutzeko da. Fadurako Kiroldegian hasita, Boluntzarreta errotea ikusi, Santa Koloma auzoa eta Larrañazubi eta Errotazarreko aldea hartzen ditu. Hori maiatzaren 10ean izan da.

Bigarrena maiatzaren 24an izango da, Portu Zaharreko Etxetxu plazan hasita kostaldea ezagutzeko: Usategi, Arrigunaga eta Aixerrota, besteak beste.

Bagilaren 7an, Getxo barria ezagutuko dabe parte-hartzaileek Neguriko Karmengo eleizatik urtenda.

Laugarrena, bagilaren 21ean, Andra Mariko eleizan urten eta betiko Getxotik bizikletaz ibiliko dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 592
2014.05.16

Julen Gabiria nederlanderaz

Julen Gabiria idazlearen Han goitik itsasoa ikusten da nederlandera itzulita argitaratu dau Zirimiri press argitaletxeak Van daarboven zie je de zee izenburuagaz.

Laster dira liburua Holandan aurkezteko; hori dala-ta, Julenek erronka bat jarri deutso bere buruari: Gernikatik Amsterdamera bizikletaz joatea, hamabost eguneko ibilaldian.

Horretarako laguntzak be topau ditu, eta Twuiter eta Facebooken jarraitzeko aukerea dago.

Esatekoak 0
Ikusita: 619
2014.05.08

Gregorio Arrienek liburua argitaratu dau gerrako umeen erbestealdiaz

Sabino Arana Fundazinoak argitaratuta, ¡Salvad a los niños! Historia del exilio vasco en Gran Bretaña, 1937-1940 izeneko liburu oparo eta ederra landu dau Gregorio Arrienek.

Lehenago be idatzi izan ditu gai honen ganeko lanak, baina oraingoan dokumentazino asko eta zehaztasun handiko datu piloa gehitu ditu. Argazki historiko asko daukaz liburuak, informazino gehigarri modura.

Ander Manterolak hitzaurrea egin deutso eta aurkezpenean be parte hartu dau.

Gerra zibilaren ondoriorik gordinenetako bat umeak atzerrira ateratzea izan zan. Horreetariko asko Britainia Handira joan ziran, beste asko Frantzian eta Herbeheretan sakabanatu ziran, Errusiara be hainbat eroan ebezan, eta Hego Amerika izan eben beste batzuk azken muga. Danak ez ziran bueltau, ganera.

Gure historia ezagutzeko, eta historia personal asko ezagutzeko material zenbatgura jarri deusku eskura Gregorio Arrienek lan honen bitartez, ohikoa dauen inurri-beharra eginda.

Esatekoak 0
Ikusita: 670
2014.04.30

Aurtengo maskaraden azkenengo ekitaldiak

Aratusteak urrin daukaguz honezkero; ha ta guzti be, Zuberoan ez dabez amaitu Maskaradetako emonaldiak. Maiatzaren 4an Gamere-Zihigan eta 10ean Irurin egingo dabez aurtengo azkenengo ekitaldiak.

Maskarada kantua, dantzea eta  antzerkia nahasten dituan herri-inauteria da. Zuberoan gorde dabe eta urtero-urtero herri bateko gazteek eratzen dabe. Hasi neguaren bihotzean eta udabarrira arte asteburu gehienetan ibiltari dabiz herririk herri.

Herri hartzaileak barrikadak prestatzen ditu bisitan datozen dantzarientzat. Hareek dantza batzuk egin, borroka moduko bat be bai, eta danantzako kopaua gero. Halan doaz herriko auzo batetik bestera.

Goiza holan emon ostean, arrastian antzespena egiten da, aldian aldiko gaiak atara eta danak barregarri erabiliz.

Pertsonaia ezagunak parte hartzen dabe Maskaradan: zaldikoa, Pitxu, ehiztariak, etxeko jaun-andreak, banderaria… Dantza ederrak egiten dabez, dantzari trebeak izaten dira eta.

Aurtengo saioak ikusteko sasoiz gabiz oraindino, beste asteburu bi geratzen dira eta.

Esatekoak 0
Ikusita: 708