kontaktua
2011.09.04
22:00

Herri kantuak zabaltzen Arratian

Uda hasiera honetan, Arratian handik eta hemendik sortu dira herri kantuak batzeko egitasmoen emaitzak. Proiektuak eurak aspaldikoak dira, ibilian ibilian egindakoak, denpora luzean eta beste batzukaz nahastean batzuetan. Baina aldi beretsuan agertzeak biderkatu egin dau euron oihartzuna.

Hiru disko aurkeztu barri dira, hiruretan herri kantuak batzen dirala.

Lehenengo biak Igorreko Institutuko irakasle batzuk Arratiako ondarea (hiztegia egin barri dabe) batzeko ahaleginetik sortutakoak dira.

Umeen zentzune etxean entzune Arratiako eskoletan (Lemoa, Igorre, Dima, Artea, Areatza eta Zeanuriko eskoletan) egindakoa da, ikasle, irakasle, teknika eta gurasoak parte hartuta. Izan be, kantau umeen gurasoak egiten dabe. Hogeta bat kanta ditu, herrikoak, asko umeai kantetakoak. Danak dagoz Arratian bertan eskola-umeen bitartez bakotxak bere inguruko barri-emoileai jasota. Eskoletako familia guztiei banatu jake ale bana. Baina horrez ganera, lan honek Arratiako Udalen Monkomunidadearen laguntza eauki dau, eta herriotan, ume jaiobarriak erregistrau orduan, gurasoai oparitu egingo jake.

Hona kantuak:

1. Txirintxanketan

2. Atxean motxean

3. Txalo-pin-txalo

4. Din-dan

5. Txakolin

6. Obabatxoak

7. Atzamarren kontutxua

8. A,a a, Ipiñako bizkarra

9. Txikitxu polit hori

10. Txako ta txako

11. Sabin Sabintxu

12. Erregen Erregen

13. Lehenengotxu hori

14. Garia saltzen nengoenean

15. Lehenengotxu hori

16. Santa Ageda koplak

17. Goizean Parisen

18. Egun bolontena

19. Ogarabeiti dago

20. Ez dao errotan harririk

21. Bela, bela Jaune

Hurrekoa Hurrean AK-37ren hirugarren lana. Talde hori Igorreko Institutuko ikasle batzuk osatutakoa da, guda garaiko Arratia konpainia zenaren omenez sortu zan, lehenengo diskoko kantuen harira. Aurretik beste disko bi atera dabez: Arratiako kanta galduak (2006) eta Kanta galduen bila (2008). Hirugarren disko honetan, aurrekoetan moduan, Arratian bertan batutako kantuak jaso dabez. Ha ta guzti be, gazteoi euren moldaketa musikalak egiteko aukerea emoten jake, eta horregaitik, betiko kantu batzuk beste erritmo batera egokituta datoz. Honeek kantuok dira:

1. Zeanuritik baraurik

2. Zerrariek ("Moret"en bertsioa)

3. Carlos Setimo eta

4. Karlistetako jeneral faltsuak

5. Fraisku galtzazahar eta

6. Eguzkiaren askatasuna

7. Aramotzetik Garamendira

8. Ama zuriak neuri

Hirugarren lana bide profesionaletik dator, Gontzal Mendibilek Neure txiki polita izenaz argitaratuta. Azpititulu moduan dakar “Gorbeialdeko kantuak oroituz”, izan be, Zeanuri, Zeberio eta Arratia osoko herri kantuak dira gehienak, berak sortutako pare bat tartean dala. Abestiok Arratia eta inguruetako kantutegia osotzen dabe, inguruko edadeko jenteari ikasitakoak dira, Mendibilek berak edo beste ikerlari batzuek batutakoak. Kanta bi dira barriak, bata, “Malkoak euri balira” izenburukoa, Sabin Intxaurraga lehengusuari eskainia eta bestea, “Gorbeiako haizea”, Bitoriano Gandiagak idatzitako olerki batean oinarrituta.

Kantu honeek osatzen dabe diskoa:

1.      Neure txiki polita.

2.      Orbelak airez aire

3.      Malkoak eure balira

4.      Frantzie kortekoa

5.      Dimako idiari

6.      Zubiteko kridia

7.      Atxia mutxia

8.      Lapur famatua

9.      Agur Euskal Herria

10.  Ipiñaburun

11.  Otxandioko errementariak

12.  Gorbeiako haizea

Laugarren egitasmo bat be bada bidean. Arratiko Musika Eskolea sortu zala 25 urte bete dira aurten, eta hori dala-ta, argitalpen bat prestetan dabiz. Argitalpena etorri bitartean, ha ta guzti be, Begitu aldizkarian, Ruper Lekuek prestatuta, Arratian batutako herri kantu bat emoten da, musika eta letra jarrita. Kantu-bilduma bat egitea da asmoa, eta bilduma hori argitaratuko dan lanaren zati bat izatea.

Ez da barria Arratian herri kantu, ipuin, doinu eta soinu-tresnen gorabeherak batzea. Aurretik be jente asko ibili izan da horretan, kasurako, Gontzal bera, Ruper Lekue, Joseba Larrakoetxe, Manu Etxebarria, Jose Ramon Arbe. Labayru Ikastegiak be hainbat grabazino egin ditu inguru horretan eta baita aldi bateko Maria Goiri Mintegiak be. Hemen ezagunenak baino ez dagoz, baina gehiago be badira.

Pozgarria da, ha ta guzti be, gazteak tartean dirala transmisinoari emon jakon aupadea. Beste musika mota batzukaz batera, geure ondareagaz zaletutea lortzen bada, ondare horrek aurrera egingo dau eta.

Zorionak honek danak urtetako behar egin daben guztiai!

Ikusita: 2841
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera