kontaktua
2016.12.08

Marijesien topaketa aurten Lekeition

Marijesiak, Abendua edo Kebonikoak. Gabonak datozenean aspaldiko ohitura da eske-koplak etxerik etxe abesten ibiltea. Bizkaian ondino be bizirik dago ohitura hori hainbat herritan. Herriotako kantari-taldeak aspaldiko urteetan egun baten batzen dira, bakotxak bere kantua egiteko. Aurten topaketa hori Lekeition egingo dabe, herriko eleizan, abenduaren 10ean, iluntzeko 7reta

Aurten Ariatza (Muxika), Ea, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Iurreta, Lekeitio, Mendiola eta Oromiñoko taldeek parte hartuko dabe.

Taldeok berezitasun asko daukiez, herritik herrira hainbat ezaugarri ezbardin daukiez: taldea osotzeko modua, kantua bera, egun bakar baten edo bederatzi egunetan kantatzea, musika-soinuagaz edo abots hutsez...

Kantua bera badakigu zabalago ibili dana, Markinan edo Zeberion kasurako. Errondan ibilteko ohitura, ostera, Gernikaldeko herrietan eta Durangaldeko batzuetan dago baieztauta.

Hilaren 10eko ekitaldia interesgarria izango da guztiz.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 729
2016.12.01

Euskeraren Eguna

Abenduaren 3a, San Frantzisko Xabierkoaren eguna, Euskeraren Nazioarteko Eguna da. Hori dala-ta, erakunde, udal, alkarte eta ikastetxe gehienek eguna ospatzeko ekintzak egiten dabe

Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta sariak emoten ditu egun horretako ekitaldian. Aurten sariokaz Jose Angel Iribarren bizitza-ibilbidea goratu dabe, eta baita be Bizkaiko euskaltegiek hainbat urtean hiztunak euskerara ekarteko egin daben lana.

Poesia eta ikusentzutekoen atalak be badagoz sariotan. Poesian Garazi Ugalde Pikabea eta Juan Kruz Igerabide dira irabazleak; ikusentzutekoen artean, ostera, Hannot Mintegia.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 579
2016.11.24

Euskerazko zinea Bilbon doan

Azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean, egunero film bat emongo dabe Zine Kontari zikloaren barruan. Saioak Campos Eliseos Antzokian izango dira, doan, lekuak bete art

Programa ederra da: Gazta zati bat, Zuloak, Arriya, Amama eta Zigortzaileak izenburuek osotzen dabe zikloa.

Zine Kontari Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak jarri eban abian iaz euskeraz idatzitako eta egindako zineari indarra eta zabalkundea emoteko.

Aukera ederra da zinera joateko eta euskerazko filmak ikusteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 566
2016.11.17

'Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak (II)' liburu barria

Juan Manuel Etxebarriak 'Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II' izeneko liburua aurkeztu barri dau. Aspaldian ateratako lehenengo partea ezagutzen genduan, eta handik dakigu Gorbeiaren magalean eta inguruetan dagozan hainbat herritan ibili dala herritar euskaldunei etnografia eta ipuinak batzen.

Liburu potoloa dakar oraingoan, Euskaltzaindiak eta Deustuko Unibersidadeak alkar hartuta dotore argitaratuta.

Edukiari erreparauta, ipuinak, siniskerak, pasadizuak, bizimodu tradizionalari jagokozan pasarteak aurkituko ditu irakurleak.

Hizkuntza aldetik ahozko erregistroaren ugaritasuna azpimarratu behar da, badago zer ikasi liburuan. Idatzizko eredura ekartea izango da hurrengo pausua, baina corpusak aukera handia emoten dau.

Juan Manuel Etxebarriak, Zeberioko semeak, hango euskera aztertu eban tesi-lanerako, eta ondo be ondo ezagutzen dau inguruetako berbetea. Irakasle, idazle eta ikertzaileentzat ekarri handiko iturria da liburua.

Esatekoak 0
Ikusita: 607
2016.11.11

Begoñazpi Ikastolaren 'Gazte Role Model Sariak' Ander Manterola eta Eduardo Junquerari

Aurtengo 'Gazte Role Model Sariak' Ander Manterolari eta Eduardo Junquerari emotea erabagi dau Begoñazpi Ikastolak eratutako epaimahaia

Sariokaz lan- eta alkartasun-baloreak nabarmendu eta goratu nahi ditu Begoñazpi Ikastolak, ikasle gazteentzat eredu diralakoan.

Ander Manterolak alkartasunari jagokon saria hartuko dau. Ander Labayru Fundazioaren sortzaileetarikoa da, zuzendari izan da urte askoan, euskeraren alde behar asko egindakoa, eta etnografiako ikertzaile handia, Atlas Etnográfico de Vasconia egitasmoaren zuzendaritzan erakutsi dauen moduan.

Eduardo Junquerak lan arloari jagokon saria hartuko dau. Eduardo injinerua da, Egile Corporation XXI enpresa korporazinoko presidentea. Epaimahaiak industria arloan egin dauen ibilbidea saritu dau, barrikuntzaren aldetik egindako ekarpenak kontuan hartuta.

Sari-banaketa zemendiaren 14an izango da, arrastiko 6:30etan, Begoñazpi ikastolan.

Esatekoak 0
Ikusita: 718