kontaktua
2016.09.16

Emakumeak bertsolaritzan

Gaur egun normaltzat hartzen dogu andrazkoak bertsotan ikustea, baina ez da hainbeste denpora hori pentsau ezinekoa zana. Bertsolaritza, plazan edo jenteaurrean behintzat, gizonezkoen egitekoa izan da, jenteaurreko osterantzeko jardueren modua

Beste alde batetik, iraganean, beharbada uste dogun baino andrazko gehiago ibili izan da bertsotan.

Irudipen, topiko eta gainerako guztiak argitzeko, Gema Lasarte buru dauen talde batek egindako ikerketa argitaratu barri dau Emakundek. Hainbat jakingarri topauko doguz gai honen inguruan, ikerketa sakonak bideratutako ondorioakaz batera.

Esatekoak 0
Ikusita: 815
2016.09.08

Liburu barria Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskereari buruz

Urtzi Goiti eta Koldo Zuazo ikertzaileen eskutik, Bizkaiko hiru eskualdetako euskerea aztertzen dauen liburua jatorku. Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara izeneko liburuan, hango hizkuntza aldaeraren barri emon dabe.

Alde batetik, gramatikako argibideak batu ditue; bestetik, hiztegia edo lexikoa; eta azkenez, aldaera horreen egitura dialektala.

Urtzi Goiti bertakoa da, Leioakoa, eta Koldo Zuazo dialektologian aditua. Bien artean corpus interesgarria osotu dabe.

Liburua Euskal Herriko Unibersidadeak argitaratu dau eta 189 orri ditu.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 799
2016.09.01

Euskera ikastera

Ikasturte barria hasteko gara eta hainbat aukera eta zeregin ditugu aurrean. Bilboko Udalak euskerea ikasteari erreparau deutso kanpaina berezi baten bitarte

Bilbobusetan iragarkiak ipini dabez, jente guztia animau daiten euskeraz egiten edonogaz eta edozein momentutan.

Bilboko euskaltegiakaz batera, Udalak matrikula egiteko sasoia dala gogorazo deusku. Horrezaz ganera, hainbat laguntasun ipini ditu euskera ikasteko ahalegina egiteko prest dagozanen eskura. Horri Aldundiak bideratutako laguntzak gehitu behar jakoz.

Ez dago atxakiarik, danok euskera ikastera.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 687
2016.07.28

San Inazio Gorbeian

San Inazio jai handia da gure inguruan, Bizkaia osoan behinik behin. Leku batzutan, ganera, bertako jaia be bada. Leku horreetariko bat Gorbeia dogu.

Egun horretan jente asko hurreratzen da Gorbeiara, batzuk Igiriñaoraino, beste batzuk kurutzeraino, bakotxak ahal edo gura dauen lekuraino.

Jaiegun horretako programan ezin da ahaztu eguerdiko mezea. Igiñako Edurretako Andra Marian ermitan izango da. Urteroko moduan aurten be hainbat jente batzea espero da. Bertan abestuko dabez Ama Birjina horren himnoa ezeze, San Inazioren martxea be. Zeanuriztarrak izango dira anfitrioi, bai mezan bai meza osteko barauskarrian.

Erromeria lagun dala, egun ederra pasetako plan ezin hobea.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 839
2016.07.22

Idatz & Mintz literatur-aldizkariaren zenbaki barria

Idatz & Mintz – Literatur Atalen Sorta izeneko aldizkariaren 60. zenbakia argitaratu barri dogu. Udan eta neguan, urtean birritan kaleratzen da joan daneko urteotan, era guztietako literatur testuakaz osotuta.

Sorkuntzan, Lourdes Unzuetak ‘Hara, han lurra datzan’ izeneko narrazioa egin dau; Iratxe Ormatzak ‘Mendira’ izenekoa, eta Garazi Mugarzak ‘Ispilu bat bakeak egiteko’ izenburua daukana.

Amaia Iturbidek oraingoan poesiara jo dau, ‘Antonio Guezalari keinu eginez’ olerki-sortagaz.

Literatura unibertsala gure artean ezagutzera emoteko ahaleginean, Xabier Bovedak oraingoan T.S. Eliot idazlearen barri eta testuak dakarskuz.

Ahozko literaturan, Jabier Kalzakortak ‘1783 urteko Donostiako Gabon-kanta’ artikuluan testu ezezagun bat errekuperau dau. Ostera, Yolanda Arrietak teoriaren ikuspegitik oratu deutso gaiari ‘2016ko udaberria. Ahozko herri literaturaz Bilbon’ artikuluan.

Amaitzeko, Sebastian Gartzia Trujillok Gandiagaren testu bat ‘Euskal lehen pastoral modernoa (eta bakarra?)’ ete dan erabiliko dau artikuluaren gaitzat.

Azaleko irudia Luis Manuel Peña Cerrorena da, eta barruko batzuk Joana Elorriagarenak.

Esatekoak 0
Ikusita: 815