kontaktua
2015.03.20

Bizkaiko auzo eskolak erakusketan

Bizkaiko Foru Aldundiak auzo eskola sarea eratu eban 1919an Bizkaia osoan. Helburua zan ume guztiak joan ahal izatea eskolara, nahi ta urrun bizi, etxe apartekoetan. Guztira, era horretako 125 eskola egon ziran martxan. Hezkuntzea zabaltzeko ahaleginaz ganera, leku euskaldunean eskolea euskeraz emoten zala gogoratu behar da. Hori dala-ta, euskeraz irakasteko irakasleak, gehienak emakumeak, materialak eta danerik sortu behar izan zan.

Beste adar bat be goratu nahi da erakusketa honen bitartez, eskolen balio arkitektonikoa. Horregaitik, auzo-eskola batzuen maketak eta planoak ipini ditue, irakaskuntzeari eskainitako informazinoagaz batera.

1919tik 1937ra bitartean martxan egon ziran 125 auzo-eskolen barri emoten da, hainbat mapa eta objekturen laguntzinoagaz. Sasoi haretan umeek olgetako erabilten zituenak, ikasteko materiala (euskerazko liburuak tartean), informazino panelak eta abar batu ditue erakusketan. Era berean, auzo-eskola bateko ikasgela baten erreprodukzinoa ikusi daiteke.

Erakusketearen komisarioak, Gregorio Arrienek proiektu haren garrantzia eta bultzatzaileen ahalegina orandik ez dirala behar beste balorau uste dau: Bizkaiko Foru Aldundiaren obra handienetako bat izan zan, arrakastatsua izan zan hezkuntza arloan, baina baita gizartean eta kulturan be, nabarmendu dau Arrienek.

Esatekoak 0
Ikusita: 704
2015.03.12

"Gure Xabiertxo" erakusketa Bilbon

Bilbon, Artxibo Historikoan, "Gure Xabiertxo" izeneko erakusketa zabaldu dabe, Xabiertxo liburua argitaratu zala 90 urte bete direla-ta. Umeek ikasteko liburua da Xabiertxo, entziklopedia antzekoa. Isaak Lopez Mendizabalen lana Txikiren marrazkiakaz osatzen da, liburugintzako lanik ederrenetako bate

Horren jakitun dagoz erakusketaren eratzaileak, Eusko Legebiltzarra eta Sancho el Sabio Fundazioa.

11 argitaralditako aleak dagoz ikusgai, bakotxa egin zan sasoiaren erakusgarri dala.

Erakusketako informazino guztia www.gurexabiertxo.eus webgunean dago, han kontsultau eta ikusi daitekez jakingarri guztiak.

Erakusketa ekainaren 23ra arte egongo da zabalik.

Esatekoak 0
Ikusita: 689
2015.03.06

Labayru Hiztegia eta Bizkaia Irratia euskera aberatsa zabaltzeko alkarlana

Labayru Ikastegiak eta Bizkaia Irratiak batera lan egingo dabe euskerak daukazan espresabide jatorrak zabaltzeko. Berbak, esakuneak, errefrauak, adiera ezbardinak zein erabilera esanguratsuak irrati bidez zabaltzen dira. Horretarako, ganera, Eguzkiren laguntasun estimagarria dauke, esatari egiteko.

Astean gai bat lantzen da eta asteko egun eta ordu ezbardinetan emoten da.

Helburua bikotxa da; ahozko erregistroa ugaritzeko bitartekoak emotea, alde batetik, erderakadak eta berba sortu barriak euskeraz emon ahal izateko; eta erabilera okerrak zuzentzeko bideak emotea, bestetik.

Erakunde bion alkarlana ezeze, entzuleekaz be hartuemona sortu gura da, euren ekarpenak egin dagiezan. Batzutan berba batek beste erabilera bat edo beste zentzun bat hartu leike esaldi jakin baten barruan. Hori guztia batu gurako geunke eta irratia horretarako bitarteko egokia izan daiteke.

Esatekoak 0
Ikusita: 854
2015.02.26

Ebanjelioa bizkaieraz

Jesu Kristoren Ebanjelioa izenburuagaz argitaratu barri da liburua bizkai euskerara itzulita. Jaime Kerexetak egindako lan itzelak egon izan dira, eta hareek asko erabili dira, baina orain gaurkotuta datoz testuak.

Egileek dinoenez, “bizkaierarako, kontuan hartu ditugu hiztun euskaldunaren ulermena, eleiz testuetako tradizinoa eta gaur eguneko bizkaiera idatzian neurri handiko adostasuna lortu dauan eredua”.

Lan handia izateaz ganera, oso interesgarria da gure testugintzarako. Ha ta guzti be, liturgiarako da; hau da, aurrez aurre irakurteko, entzunez jasoteko, eta horrek testuari aparteko berezitasuna emoten deutso.

Esatekoak 0
Ikusita: 625
2015.02.20

www.mungianzaharrakbarri.com

www.mungianzaharrakbarri.com Mungiako Udalak bultzatu eta Labayru Ikastegiak landutako material didaktikoa da. Lan honen helburua, Mungiako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, landu eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko umeentzako Euskal Curriculumean txertatzeko moduko material didaktiko-pedagogikoa eskaintzea izan da.

Hezkuntza zikloen arabera antolatuta dago:  0- 3 urte, 3-6 urte eta 6-8 urteko umeentzat.

Interaktiboan batetik unidade didaktikoak dagoz eta bestetik material osagarriak. Unidadeak testuz, irudiz, bideoz eta audioz horniduta dagoz. Hona datu batzuk: 1.200 argazki, 200 bideo, 70 audio, 113 kanta, eta marrazkiak berenberegi lan honetarako Enrike Morentek eta Javier Galdosek egindakoak.

Lan guztiz interesgarria da umeakaz lantzeko, baina baita nagusiakaz be. Dinamikoa eta erakargarria da, alde batetik, eta bestetik herriko erregistro linguistikoa eta kulturala ederto batzen ditu.

Esatekoak 0
Ikusita: 690