kontaktua
2014.11.07

Augustin Zubikarairen mendeurrenean

Augustin Zubikarai Ondarroan jaio zan 1914an, ehun urte bete barri dira azaroaren 4an. Euskaltzale handia izan zan, arlo askotan jarduna, gizartean zein kulturan. Idazle moduan, sorkuntzan, idatzi asko itxi zituan, antzerkiak, nobelak, ipuinak, olerkia. Horrezaz ganera, hizkuntzako hainbat berba, esamodu eta abar batu zituan, eta etnografiako gaiak be ez gitxi. Ondare itzela guztira.

Hori dala-ta, berak sortu eta zuzendu eban Arranondo aldizkarian ale berezia atondu dabe. Eta Labayru Ikastegiak haren nobela bat berrargitaratuko dau. Bion aurkezpena azaroaren 13an izango da Ondarroan.

Esatekoak 0
Ikusita: 765
2014.10.31

San Antontxu XVI. Bertso-paper lehiaketa

Mungiako Taket Bertsolaritza alkarteak eratuta, XVI. bertso-paper lehiaketa deitu dabe 2015eko San Antontxura begira.

Maila bi egongo dira, gazteak eta nagusiak, bertso barriak  neurri librean eginda aurkezteko. Gazteek gitxienez sei bertso, helduek gitxienez zortzi aurkeztu behar dabez.

Abenduaren 31ra arte bialdu ahal izango dira lanak, eta urtarrilean emongo da jakitera irabazleak nortzuk diran.

Hiru sari dagoz kategoria bakotxean.

Esatekoak 0
Ikusita: 923
2014.10.24

Elgoibarko Udalak Gotzon Garate beka deitu dau

Gotzon Garatek herri euskeraren alde lan ikaragarria egin dau. Etxerik etxe Euskal Herri osoan ibilita berak itxitako ondarearean balioaz jabetuta, Elgoibarko Udalak ikerketa-beka baterako deia egin dau.

Bekaren helburua hauxe da: Elgoibarko euskerazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak-euskarriak proposatzea. Urtebeteko epea egongo da lana egiteko, eta horretarako 12.000 izentau ditu Udalak.

Eskabideak bakarrean nahiz taldean egin behar dira, txostenak eta curriculumak aurkeztuta. Horretarako epea azaroaren 25a amaituko da.

Esatekoak 0
Ikusita: 939
2014.10.16

Bedian Arratiako euskeraren ganeko ikastaroa

Bedian, Udalak eratuta, azarotik aurrera arratiera, Arratiako euskera hartuko dabe ikasgai. Ikastaro bat eratu dabe, sei eskola edo saiokoa, martitzenetan iluntzeko 7:00retatik 8:30etara bitartean liburutegian emongo dana.

Programan hiru gai aurkeztu dira: Arratiako lexikoa, Angel Larreak eta Juantxu Rekaldek emongo dabena. Honeek biok dira Arratiako berbategiaren egileak, hiztegi zoragarria bertako lexikoa batzen dauena.

Aitor Erdoziak Bizkaieraz idazteko gomendioak aurkeztuko ditu. Idatzizko erregistroa ahozkoagaz bat ez datorrenean arazoak eukiten doguz zelan idatzi ebazteko orduan. Bizkaieraz idatzi orduan hiztegia, morfologia eta joskera hartu behar dira kontuan, muturretara jo barik.

Juan Manuel Etxebarriak Arratiako etno-ipuin eta esaundak gaia landuko dau. Hau da, ahozko transmisinoan Arratian batu izan dituen ipuinak; eta bide batez, hikuntza bera.

Ikastaroan parte hartzeko izena emon daiteke urriaren 24ra arte.

Esatekoak 0
Ikusita: 661
2014.10.09

Zuztarretatik oinez bideo toponimikoa

“Zuztarretatik ahora” Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan herri ondarea batu eta bergizarteratzeko programa da. Honezkero urte batzuk bete ditu eta urtero-urtero dakar emaitza barriren bat.

Oraingoan bideo toponimikoa egin dabe Galdakaoko auzune batzuetatik zehar ibilaldia egiteko. Bideoan, ibilbidea erakusteaz batera, barriemoileek inguruko lekuei buruz emondako barriak agertzen dira: etxeak, bertako bizimodua, gerrako kontuak, burdina ateraten zanekoak…

Horrez ganera, eskolaumeentzako agenda egin dabe.

Esatekoak 0
Ikusita: 665