kontaktua
2018.02.23

Ama hizkuntzaren nazinoarteko eguna

Ama hizkuntzaren nazinoarteko eguna ospatu da otsailean. Horren harira bakotxaren ama hizkuntza zein dan eta zenbat hizkuntza dagoan gure inguruan berbalekua izan da bazterretan.

Euskerea dogu gure arteko askoren ama hizkuntza, baina Bizkaian bertan berrehun hizkuntzatik gora erabilten dira. Batzuk ezagunak eta hedapen handikoak dira, beste batzuk ezezagunagoak; baina bakotxarentzat berea garrantzitsuena eta adierazgarritasun handienekoa.

Kontua da zelan lortu hizkuntzon artean bizikidetza, ze leku emon bakotxari, personen eta hizkuntzen arteko errespetua zelan ziurtau.

Ha ta guzti be, ospakizun horrek beste galdera batzuk be ekarri ditu: ama-hizkuntza zer edo zein da, zelan definidu eta mugatu; izendapena bera egokia da?

Hizkuntzak ondasun handia dira, bakotxak mundu ikuskera bat erakusten eta adierazten dauelako; horregaitik, hizkuntza bat galtzen edo hilten bada, ondare handia galtzen dau gizarte osoak.

Horregaitik dago izentauta ama hizkuntzaren eguna, danok jabetu gaitezan ondasun horren balioaz.

Esatekoak 0
Ikusita: 275
2018.02.15

Iurretako XV. literatur lehiaketa

Iurretako Udalak XV. Literatur Leihaketa eratu dau, ume, gazte zein helduek parte hartzeko. Generoetan be, ipuinak, bertso-papelak eta komikiak aurkeztu ahal izango dira. Danetan gaia librea izango da.

Sariak generoko eta adinaren arabera banatuko dira, baina danak argitaratuko dira liburu baten.

Honezkero zabalik dago lanak aurkezteko epea, hilaren 28ra arte. Herriko liburutegira zein lehiaketa@iurreta.eus helbidera bialdu behar dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 236
2018.02.09

Mikel Zarate Haur literaturako sarirako deia zabalik

Lezamako seme eta idazle izandako Mikel Zarateren omenez, umeentzako literatura sortzeko lehiaketa abiatu eben orain dala bederatzi urte Udalak eta Elkarrek. Bide horreri jarraituta, aurten bederatzigarren deialdia egin dabe, gura dauenak sorkuntzako lanak aurkezteko.

Lanak originalak izango dira, euskeraz idatziak, 6-12 urteko irakurleei zuzendutakoak, 10-50 orriko luzerakoak.

Originalen hiru kopia apirilaren 30erako aurkeztu behar dira Lezamako udalean, eta epaimahaiak erabagiko dau saria nori emon.

Sari bakarra dago, 3.000 eurokoa. Horrezaz ganera lana argitaratu egingo da.

Esatekoak 0
Ikusita: 297
2018.02.02

Gazteentzako abentura euskeraz

2018ko uztailean Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatuko dituen espedizio gaztea aurkeztu dau EuskarAbentura elkarteak. Done Jakue bideak jarraituz eta Unescok izendatutako gizateriaren ondareetatik igaroaz, 16-17 urteko 120 gaztek esperientzia apartekoa bizi izateko aukerea eukiko dabe.

Ruta Quetzal izandakoak inspiratuta jaio da EuskarAbentura egitasmoa, 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei dago zuzendua, hau da, 2001-2002 urtean jaiotakoei. Euskal Herriko 7 herrialdetako eta diasporako gazteek osotuko dabe espedizio taldea. Euskeraz dakien edozein gaztek parte hartu leike.

Parte hartzeko, izen-emoteagaz batera, gazteek motibazio gutuna eta lan bat bialdu beharko dabez. Lana egiteko hiru gai orokor emoten dira aukeran: Euskara & zure herria, Euskara & emakumeak eta Euskara & itsasoa.

Informazinoa hemen: https://euskarabentura.eus/2017/12/29/euskarabentura-jzioqui-dugu-bideak-pizten/

Esatekoak 0
Ikusita: 307
2018.01.26

Harrapazank gaztetxuentzako tailerrak

Harrapazank gazteei zuzendutako jarduera ludikoa da, euskeraz sorkuntza lantzeko. Bederatzi eta hamazortzi urte bitarteko gazteek, disziplina artistikoetan parte hartzeko aukera ezin hobea eukiko dabe Bilbo

Alde batetik, ikastaro modura aukeratutako jarduera ikasi eta trebatu, eta gero leihaketan parte hartu.

Modalidade asko dagoz: musika, dantza, antzerkia, robotika, bideo-jokoak, popping dantza, kazetaritza, stop motion, argazkilaritza, youtuber, arropa kustomizazioa, makilajea, marrazketa, zinemagitza, graffittia...

Informazinoa harrapazank.eus webgunean.

Esatekoak 0
Ikusita: 284