kontaktua
2011.11.04

Herri Ondarea aztergai

Egunotan jardunaldi bi egin dira herri ondareaz eta ahozko hizkuntza corpusak gai hartuta.

Alde batetik, urriaren 3an Deustuko Unibersidadean, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Sailak eratuta, egun osoko jardunaldia egin eben “Ahozko corpusak esparru elebidunetan” izenburuagaz. Bertan parte hartu eben hainbat erakunde eta egitasmoren ordezkariek, bakotxak bere esperientziaren barri emoteko.

Tartean izan ziran Jose Mari Etxebarria Eusko Ikaskuntzaren izenean, Akaitze Kamiruaga Labayru Ikastegiko egitasmoen barri emoten, Adolfo Arejita Euskaltzaindiko Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa azaltzen, Iñaki Gaminde (EHU) corpusen tratamentuen ganean berbaz eta Aintzane Etxebarria (EHU) ahozko corpusen erabilera didaktikoa lantzen. Kanpoko esperientziak aurkeztu ebezan Christine Paasch (Leipzigeko Unibersidadea) eta Galiziako esperientziaren barri emon eben Santiagoko Unibersidadeko ikerketa taldekoek.

Horrez ganera, Rosa Miren Pagolak, Carmen Isasik, Itziar Turrezek eta Alex Iribarrek corpusaren ganean Deustun eskuartean darabilezan egitasmoak aurkeztu ebezan.

Beste jardunaldia Villabonan egin zan, azaroaren 2, 3 eta 4an, Mintzolak eratuta, “Idatziak ahotsa hartzen duenean” izenburuagaz. Ahozkoaren eta idatziaren kulturak aztertu dira bertan, bien arteko loturak eta berezitasunak alde teorikotik eta praktikotik aztertzeko.

Bertan parte hartu dabe hainbat arlotako jenteak, unibersidadekoak (EHU eta MU-HUHEZI), alderdi praktikoan zeregin guztiz ezbardinetan diharduen hizlariak (EITB, aktoreak, ipuin-kontalariak, Ikastolen Elkartea…). Labayru Ikastegiaren ordezkari Itsaso Arrieta egon, “Herri kantuen interpretazioa. Ahozko tradizioaren atzetik” gaia azaltzeko. Urte askotako esperientzia handia dauka Itsasok, herri kantuak lantzeko eta transmisinoa ziurtatzeko ikastaro asko emon ditu eta.

Esatekoak 0
Ikusita: 1217
2011.10.26

Lore Jokoak Mungian

Beste urte batez, datorren domekan, urriaren 30ean, Lore Jokoak egingo dira Mungian. Jaiegun honegaz mungiarrak historian ehun urte atzera egin, eta orduko bizimoduko lanbideak, ohiturak eta gertakizunak gogoratu gura dabez.

2005. urtean Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko egin ziran lehenengoz Lore Jokoak. Orain arte gai desbardinak landu dira: ezkontzak, bataioak, trena etortea... Aurten Mungiako auzoetako eskotak aukeratu dabez.

Eskota antxinatik datorren ohiturea da. Auzoetako jaiak ziranean, Atxurin, Billelan, Markaidan, Trobikan... auzoko mutil gazteek urira etorri eta ardaoa erosten eben. Ardaoa zaragietan erosten zan alondegian. Zaragiak eroateko gurdia ekarten eben idi-buztarriagaz, erramakaz eta lorakaz atonduta, polito-polito ipinita. Mutilak eurak be, erropa dotoreenakaz jantzita etorten ziran: alkondara zuria, brusea, painelua lepoan eta mahonezko frakak.

Ardaoagaz auzora joan aurretik, lehenengo Mungiako Asilotik pasetan ziran, eta han zaragi bat ixten eben hango behartsuentzat. Behin auzora bueltauta, ardao hori doan banatuten zan auzoko jentearen artean. Hurrengo astean gazteak barriro alkartzen ziran ardaoa pagetako eta bide batez bazkaria egiten eben.

Ohitura honen antzezpena ikusi gura dauenak, domekan dauka Mungian era ederra.

Esatekoak 0
Ikusita: 1362
2011.10.21

Litterae Vasconicae Euskeraren Iker Atalak aldizkariaren ale barria

Litterae Vasconicae Euskeraren Iker Atalak aldizkariaren 12. zenbakiak euskal kulturako gaiak ditu aztergai. Ale honetan literatura da nagusi; testu zaharrak, literatura modernoari jagokozan arloak eta herri literatura landu dabez artikuluen egileek.

Jesús Antonio Cidek, CSICeko kideak, “Perfil de Domingo de Eguia (con una desatribución, y una relación de servicios)” lanean, lehenago be aldizkarian erabilitako gaiari heldu deutso. “Canción Vizcaína” deritzanaren eta haren protagonista Domingo de Eguíaren barri zehatz orain arte ezezagunak emoten ditu.

Jabier Kalzakortaren “Jean Elissalderen Theopane Venard Dohatsua” eta Xabier Altzibarren “Frantziako Iraultza eta Konbentzioko Gerra bertsoetan: testuak, gaiak, testuinguru historikoa” artikuluetan, Iparraldeko tradizinoko testuak berreskuratu eta beren testuinguruan jarri dabez. Lehenengoak Jean Elissalde Zerbitzarik argitaratu barik itxitako testu bi dakarz, Theophane Venard Dohatsuari buruz prosaz egindako testu bi. Bigarrenak, Frantziako Iraultza eta Konbentzioko gerrari buruzko euskal testu literarioak landu ditu, idatziak nahiz ahozkoak, kantuak eta bertsoak batez be.

Han hor hemen sakabanatuta eta atalka zabaldutako testu bat osotu dau Andres Urrutiak “Lourdesko Ama Birjina, J.B. Eguzkitzaren euskal prosan: Lourdesko osakuntza arrigarriak” lanean, Juan Bautista Eguzkitzak idatzitakoa Lourdesko Amari egotzitako mirariei buruz. Testua bera emoteaz gainera, Lourdesko Ama Birjinaren gainean euskal literaturan dagozan idazlanak aztertu ditu.

Era berean, ahozko tradizinoko pasarte labur politak erreskatau eta aztertu dabez Jabier Kalzakortak eta Fredi Paiak, Antonia Gorostola zanak “Nire amaren esaerak eta kantak” izenburupean koaderno baten egindako oharrak hona ekarrita. Getxoko herri kulturaren lekuko bihurtu da.

Jose Mari Kortazarrek, “Parroki paperak herri prentsaren aitzindariak”izeneko artikuluan, Durango inguruko parrokietan bertako gorabehera eta jardueren barri emoteko argitaratu izan diran parroki paperen eta zelako edo halako argitalpenen katalogo zehatza egiten dau. Horren ostean, tesi hau botatzen dau: halakoak gaur egun hainbeste indar hartu daben herri aldizkarien aurrekoak ete dira?

Sebastian Gartzia Trujillok “Hamar euskal literato eta Jainkoa” lanean euskal literatura modernoko hamar idazleren lanak erlijinoaren ikuspegitik aztertu ditu. Irakurketa horretan, bakotxak bere sinismen-esperientzia zelan adierazten dauen erakutsi deusku.

Esatekoak 0
Ikusita: 1219
2011.10.07

Lauaxeta olerki lehiaketa

Mungiako Udalak aurten be olerki-lehiaketa eratu dau, Lauaxeta herriko poeta handiaren omenez egin ohi dauen moduan.

Aurten “Itxasora!” izenburua ezarri dabe parte hartuko daben idazlan guztientzat. Gaia nahi dan eran landu eta asmau ahal izango da, baina izenburu horretara egokituta.

100 eta 200 bertso-lerro bitartean euki behar dabez idazlanok, beti be euskeraz idatzita eta originalak direla.

Lanak azaroaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 1521
2011.09.30

Orbelak airez aire Prentsaurrean aurkeztuko da hilaren 6an

“Orbelak airez airez” Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan herri ondarea batu eta bergizarteratzeko programako emaitza barria da. Emaitza horretan kantuak eta ume-hizkera izan dira oinarria. Hortik abiatuta, material bi osatu dira: kantuen CDa alde batetik, eta unidade didaktikoa bestetik.

 

Hilaren 6an, eguenean, prentsaurrean aurkeztuko da, Basauriko udaletxean, goizeko 11:00etan.

 

CDko mamina herrietan bertako informanteai batutako kantu hautuakaz osatuta dago. Kantuok Juan Carlos Irizarrek moldatu eta Galdakaoko Maximo Moreno Musika eskolako eta Etxebarriko Soinuzale Musika Elkarteko ikasle-irakasleen artean grabau dabez. Entzuteko euskarriagaz batera daukaz kantu guztien letrak eta partiturak.

 

Gida-didaktikoa eta kantu bilduma da bigarren materiala. Gidaren barruan CDa be badator, baina horrez ganera, kantuok eta material tradizionalok eskolan nahiz etxean erabilteko pausu batzuk dagoz. Gida horretan 0-6 urteko umeakaz jarduteko hizkuntza-baliabideak emoten dira: ume-hizkera, esakera okerrak zuzentzeko modua, egoeraren arabera erabilteko moduko esamoldeak, olgetak, jolasak.

 

Material guztia Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan bertako informanteei grabatutakoa da, herritik harakoa, barriro be gizarteratzeko, holan trasmisinoa ziurtatzen dala-ta. Bertan dagoz informanteek euren umezaroaz emondako barriak be.

 

Lan hau, berez, lehendik datorren egitasmo baten emaitza barria da. Zuztarretatik ahora izenagaz egin zan lehen DVD didaktiko bat. Hori lantzeko, Nerbioi-Ibaizabal inguruko hainbat informanteri galdeketak egin jakezan eta bideoan grabau ziran. Orduko emaitzaren kalidadea eta arrakasta ikusita, kontuan hartuta grabazinoetan beste material asko egoala, jarraipena emon jakon.

 

Egitasmo honetan honeek udalok parte hartu dabe: Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Zaratamokoak. Lana Labayru Ikastegiak egin dau.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1513