kontaktua
2011.07.14

Eako poesia egunak

Urteroko moduan, aurten be poesia ardatz dala, jardunaldiak eratu ditue Ean, zortzigarrenak, poesia modernoaren ingurukoak.

Garagarrilaren 15, 16 eta 17an programa betea dago, beti be poesiagaz lotuta. Hitzaldiak, mahai-inguruak, irakurraldiak, errezitaldi musikadunak… poesiagaz gozatzeko hainbat aukera dagoz bertara hurreratu ezkero.

Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu poesia-egunok. Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, eta poema batzuk herrian bertan idatzi eta herriari eskaini eutsazan. Hori dala-ta, jardunaldiok Ean egiten dira, eta Arestiri omenaldia egiteko helburua be badauke.

Informazino zehatza gura izan ezkero, hemen programea eta gainerako gorabeherak: www.eakopoesiaegunak.com

Esatekoak 0
Ikusita: 1317
2011.06.09

Orbelak airez airez Herri ondarea herrira bueltau

“Orbelak airez aire” herri kantuak eta ume-hizkera oinarri hartuta prestatutako materiala da. Labayru Ikastegiak landutako material horretan, herritik batutako kantuak CDan grabau dabez, Galdakaoko Maximo Moreno Musika eskolako eta Etxebarriko Soinuzale Musika Elkarteko ikasle-irakasleen artean, Juan Carlos Irizarrek prestautako moldaketakaz.

Material bikotxa da izan. Alde batetik CDa bera, barruan dituela grabazinoakaz batera, kantu guztien letra-partiturak.

Beste aldetik, izen bereko “gida-didaktikoa eta kantu bilduma” argitaratu da. Gida horretan be, barruan dator CDa. Baina kantuakaz batera, kantuok eta material tradizionalok eskolan nahiz etxean erabilteko gida dakar. Gida horretan 0-6 urteko umeakaz jarduteko hizkuntza-baliabideak datoz: ume-hizkera, esakera okerrak zuzentzeko modua, egoeraren arabera erabilteko moduko esamoldeak, olgetak, jolasak.

Material guztia Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan bertako informanteei grabatutakoa da, herritik harakoa, barriro be gizarteratzeko. Bertan dagoz informanteek euren umezaroaz emondako barriak be.

Lan hau, berez, lehendik datorren egitasmo baten emaitza barria da. Zuztarretatik ahora izenagaz egin zan lehen DVD didaktiko bat. Hori lantzeko, Nerbioi-Ibaizabal inguruko hainbat informanteri galdeketak egin jakezan eta grabau egin ziran. Orduko emaitzaren kalidadea eta arrakasta ikusita, kontuan hartuta grabazinoetan beste material asko egoala, jarraipena emon jakon.

Egitasmo honetan honeek udalok parte hartu dabe: Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamokoak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1210
2011.06.01

Euskal Hiztegia definizinoduna Adorez 13

Aspaldian hasi zan irakasle talde bat lexikografia lantzen, euskeraz horren hutsunea ikusita. Sinonimoen hiztegia Durangoko azokan aurkeztu eben 1983an. Haren arrakasta ikusita, definizinoak emoten dituan hiztegia egitea erabaki eta beharren hasi ziran.

Harrezkero hainbat hiztegi argitaratu dabez, sinonimoenak, definizinodunak, hizkuntza bikoak. Adorez markeagaz, zenbatuta datoz lanok.

Oraingoan 13garrena dakarre, Euskal Hiztegia izenekoa, definizinoak emoten dituana.

Halango hiztegi bat egiten hasteko, pauso bi egin behar dira. Alde batetik, berbarik erabilienak aukeratu, eta bestetik, definizioak emoteko modua ondo finkatu.

Hiztegi honetan definizinoak eta adibideak ezeze, euskalkietatik baturako bidea errazteko asmoz sinonimorik erabilienak be proposatzen dira.

Baditu hiztegi honek beste ekarpen batzuk be. Euskeraz derrigorrez jakin beharreko berbak, oinarri-oinarrizkoenak [**] ikurra dauke (1.128 berba dira holangoak). Eta oso beharrezkoak direnak [*] izartxo bat (1.728 berba).

       Euskera batua da hiztegiaren esparrua, baina euskalkietako beste hainbat berba be sartu dira, horreekaz guztiakaz osotzen dalako euskara batuori. Itxuraz be bereiztuta datoz batzuk eta besteak. Euskaltzaindiak baturako onartutako hitzen sarrerak kurtsibaz edo letrakea etzanez datoz. Holan, letra moldeari erreparatua, argi dago baturako onartutakoak zeintzuk diran.

Esatekoak 0
Ikusita: 2482
2011.05.26

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) hirugarren liburukia atera dau Euskaltzaindiak

EHHA edo Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren bitartez, Euskaltzaindiak gure tradizinoko hizkeren izendapen eta aldaerak batu gura ditu, eremu semantiko zabal eta ugarietan. Eta hori euskera erabilten dan herrialde, eskualde, herri eta auzoetan, beti be euskera ahalik eta osoen ordezkatuta egon daiten.

Metodologia moduan galderak egin dira, 2857 kontzepturen inguruan, gehienak lexikoari buruz, baina gramatika alderdia baztertu barik (morfologia, sintaxia, fonetika). 145 leku aukeratu dira inkesta egiteko: 36 Bizkaian eta beste horrenbeste Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta 1 Araban.

Iaz Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren I eta II liburukiak aurkeztu eta gero, oraingoan IIIgarrena dator. Dana dala, liburuetan argitaratutako eduki osoa Euskaltzaindiaren webgunean dago, gura dauenak kontsultatzeko.

Esatekoak 0
Ikusita: 1355
2011.05.20

Morgako kultur ondarea batu dau Labayru Ikastegiak Morga: Bizimodua eta ohiturak DVD-liburuan

Maiatzaren 15ean, San Isidro egunez, Morga: Bizimodua eta ohiturak izeneko DVDa eta liburua aurkeztu ziran Andra Mariko eleizan, Labayru Ikastegiak Udalaren enkarguz egindako ikerketa etnografikoaren lehenengo emaitza.

Hamabost barriemoileri bideo-grabazinoak egin jakez, herriko bizimoduaren barri emoteko. Grabazinook galdetegi jakin baten arabera egin dira, beti be metodologia zehatz bateri lotuta.

Horren bitartez, kanpo-barruak batu gura izan dira. Hau da, maminaren aldetik, galtzen doan bizimoduaren barri batu da, gehien baten hurrengo belaunaldiei horren barri emoteko. Eta kanpokoa esatean, esan gura da bertako berbetan, bertako euskera bizi-aberatsean emonda dagozala azalpenak.

Bizimodua asko aldatu da denpora gitxian, etxeko lanbideak, ganadua etxean haztearen garrantzia, ortua familia aurrera aterateko oinarri izatea… Familiaren osaera eta hartu-emon motak… Dana aldatu da, eta pentsau lei orain ezagutzen doguna izan dala beti. Baina ez, orain hainbeste denpora ez dala, beste modu batera ziran gauzak eta ume-gazteei horren barri emoteko, garai jakin bateko bizimoduaren barri emoteko, egiten dira halango ikerketak.

Helburua bikotxa da. Alde batetik, herriko ondare etnografikoa eta linguistikoa batzea, bizimodu tradizionala eta herri-jakituria, bideo eta audio grabazinoen bidez gordetea; eta bestetik, era barritu eta egokian atzera herritarren artean ezagutarazotea eta gizarteratzea.

Morga: Bizimodua eta ohiturak materiala euskarri bitan aukezten da, DVDa da lanaren ardatza eta liburutxua, osagarria. DVDan ikusi eta entzun ahal dira batutako pasarterik esanguratsuenetako batzuk, ordu bi guztira. Gai-arlo desbardinak jorratzen dira bertan: herria, auzuneak, abeltzaintza eta artzaintza, nekazaritza, etxea, elikadura, herri egutegia, jaiotzatik heriotzara arteko bizitza-ohikuneak, astialdiak, herri-medikuntza, jazkerak, herri-literatura eta mitologiako gaiak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1254